GARA
DONOSTIA

Euskal pentsiodunak Toledoko Itunari adi

Pentsiodunen Mugimenduak Toledoko Itunaren Batzordean bere aldarrikapen nagusiak kontuan hartzea eskatu zuen atzo, baita hilabete honetan akordio bat «ixtea» ere pentsioetan hobekuntzak egin ahal izateko Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Bi mobilizazio egun ere deitu zituzten Bilbon: datorren larunbata, hilak 19, eta urriaren 5a.

Atzoko bero handia Hego Euskal Herriko hainbat herritan egin ziren pentsiodunen mobilizazioetan ere nabarmendu zen. Adibidez, Donostian Alderdi Ederren egin den ohiko kontzentrazioak gutxiago iraun zuen, eta Bilbon emakume bat anbulantzian eraman behar izan zuten, tenperatura altuek eragindako zorabio baten ondorioz.

Pentsiodunek zabaldutako mezuei dagokienez, joan den ostiralean Diputatuen Kongresuan Toledoko Itunaren Batzordeko presidente eta ministro ohi Magdalena Valeriorekin izandako bileraren balantzea egin zuten. Adierazi zutenez positibotzat jotzen dituzte Toledoko Itunean onar daitezkeen zenbait proposamen, hala nola pentsioak kontsumo prezioen indizearen arabera igotzea eta Gizarte Segurtasunarenak ez diren gastuak liberatzea. «Baina beste proposamen batzuek murrizketen ildoa jarraitzen dute, adibidez, erretiroa atzeratzeko pizgarriek zaildu egingo dute gazte askok lana lortzea eta bizitzeko proiektu bat diseinatzea», gaineratu zuten. Horregatik, pentsiodunen kolektiboak mobilizatzen jarraituko du. Horren erakusle, datorren larunbatean, manifestazioa egingo dute Bilbon «egoitza publikoen eredua» defendatzeko. Eta urriaren 5ean, berriz, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute.