2020/09/16

Seaskaren murgiltze eredua, korsikarrentzat inspirazio iturri

François Alfonsi eurodiputatua eta Korsikako hezkuntza arloko hainbat ordezkari Ipar Euskal Herrian izan dira azken egunotan ikastolen eredua gertutik ezagutzeko. Izan ere, 2021eko ikasturtean murgiltze eredua jarraituko duten bi eskola irekiko dituzte Korsikan.

Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
0916_eg_seaska

Murgiltze ereduak zeresana eman du azken asteetan, batez ere, Bordeleko Hezkuntza Ministerioak Hiriburuko Baste Quieta ama eskolan «%100 euskaraz» esperimentazio egitasmoa ezartzea debekatu ostean. Ordea, murgiltze ereduak jakin-mina ere piztu du eta horren adierazle dira Korsikako ordezkaritza batek Seaskako kideekin hilaren 12tik 14ra izandako bilkurak. Ama eskoletatik hasi eta lizeora, hainbat ikastetxetan izan dira.

Jasotako irakaspen teorikoetatik harago, baina, Korsikan ere antzeko egitasmo bat martxan jartzeko asmoa dute. 2021-22 ikasturtea hasterako dena prest izan nahi dute Korsikako bi eskoletan murgiltze eredua ezartzeko. Pasa den martxoko herri hauteskundeen ostean agintea lortu zuten autonomistek Bastia eta Biguglian eta euren helburua da proiektua sostengatzeko bitartekoak eskaintzea.

Korsikarrek abiaraziko duten egitasmoak elkarte forma izango du, Seaskak bezala, eta horregatik agertu dute ikastolekiko interes hori. «Badira beste adibide batzuk Europan, baina Seaskaren egitasmoa Estatu frantsesak ezartzen duen markoaren baitan garatzen da, gurea bezala. Horregatik etorri gara», argitu zuen François Alfonsi eurodiputatuak.

Euskal Herrira egindako bidaian, Korsikako hautetsiek, hezkuntza sindikatuetako ordezkariek eta korsikera irakasten duten elkarteetako ikasleen gurasoek parte hartu dute. Nabarmendu dutenez, ez dute eredu bat inposatu nahi, korsikeraz ikasteko eskaintza pixkanaka egituratu baizik, ama eskolatik hasi eta lizeoraino. Horrela, «gurasoek ikusiko dute ikastolak eskaintzen duen bezalako eredu bat zinez eraginkorra dela», nabarmendu zuen Alfonsik.

Eraginkortasun bila

Hori da korsikera sustatzen duten eragileek bilatzen dutena: eraginkortasuna. Izan ere, azken hamarkadetan beherakada itzela izan du korsikerak, eta, egun, 70 urtetik gorako herritarrak dira uharteko hizkuntza gehien hitz egiten dutenak. «Etena beste belaunaldi batez luzatzen bada, ez dugu baliabiderik izango irratiak eta antzerakoak hornitzeko. Errendimendu altuko sistema bat behar dugu hemendik hamabost urtera emaitzak izateko», aitortu zuen Alfonsik.

Hezkuntza arloaz gain, bestelako eremuetan Ipar Euskal Herrian garatzen diren proiektuen berri izateko ere baliatu du bidaia Korsikako ordezkaritzak. Arlo ekonomikoan, finantzarioan, energetikoan eta nekazaritzakoan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abiatutako egitasmoen inguruko informazioa jaso dute lehen eskutik.

«Eurodiputatu naizen heinean, Euskal Herrian abiatutako hainbat ekimenen kalitatea eta jasangarritasuna ikusi ahal izan ditut; beraz, oker ginateke aurrera egiteko inspiratuko ez bagina», jakinarazi zuen Korsikako ordezkaritzako kideak.

BISITA BUELTAN


Korsika bisitatuko du abenduaren 4an eta 5ean euskal ordezkaritza batek. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria ordezkaritza horretan izatea espero du François Alfonsik.