2020/09/17

«Dendaostekoak», taupada baten kronika literarioa

Lau hamarkadan Elgoibarko Pitxintxu denda gidatu duten bi ahizpekin izandako elkarrizketetatik abiatuta eraiki du Uxue Alberdik «Dendaostekoak». Denda baten «kronika literarioa» da liburua, baina baita herri baten, garai baten eta belaunaldi baten ahotsa ere. Taupada bat, sasoi baten argi-ilunak, bildu eta berera, literaturara, ekarri nahi izan ditu.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0917_kul_alberdi2

Elgoibarko Pitxintxu dendan 42 urtean lanean aritu diren bi ahizpa dira “Dendaostekoak” Uxue Alberdik Susa-rekin argitaratu duen liburuko protagonistak. Artean 20 eta 21 urte zituztela, etxetik irten eta askatasuna arnasteko beharrak eraman zituen Izaskun eta Marijose, jostun lanak hartzeaz gainera, liburu eta disko denda izango zena zabaltzera. 1958. urtea zen, krisi betean zegoen gizartea baina, hala ere, bi ahizpek San Frantzisko kalean lokal bat errentan hartu eta denda joskintzan lanean aritzeko zein euren lagun anarkista eta troskistak liburu eta diskoz hornitzeko gune bilakatuko zuten.

Lehen urteak gogorrak izan ziren; bost urte igaro ziren eurentzat soldatarik apartatzeko aukera izan zuten arte, baina dendak aurrera egin zuen. Egun, 42 urte beranduago, Elgoibarko San Frantzisko kalea goitik behera eraldatua dago, baina denda hark han jarraitzen du.

Denda horren historia da, nolabait, Uxue Alberdik “Dendaosteoak” liburuan jaso duena. Baina, harekin batera, bi ahizpen biografia, gizarte baten erradiografia eta garaien aldaeraren lorratza ere bildu ditu. Guztia, bi ahizpekin 2019ko urritik 2020ko martxora, asteazkenero bi orduz, izandako elkarrizketetan oinarrituta: «Aldatu da kalea, ibaia, ahizpak. Orain 62 eta 64 urte dituzte eta dendak hor jarraitzen du. Kronika literario bat egitea zen asmoa, taupada bat jasotzea, kronikagarria ez dena kronikagarri bilakatzea», nabarmendu zuen idazle elgoibartarrak aurkezpenean.

Zentzu horretan, Xabier Gantzarainek argitalpenaren azalerako egindako irudiak liburuaren mamia ondo baino hobeto azaltzen duela gaineratu zuen: «Ornitorrinko bat da, hibrido sailkaezin bat. Paperezko etxe bat bere neurrira egina».

Izandako elkarrizketei zer forma eman hautatzea erabaki garrantzitsua izan da idazlearentzat. «Nik liburutik kanpo egon behar nuela sentitzen nuen», argudiatu du, eta nahiz eta elkarrizketak egiteko unean kazetaritza jardunean aritu, informazioa biltze hori beste era batekoa izan zedin saiatu dela aipatu zuen. «500-700 galdera inguru egingo nizkien, gehienak asteazkeneroko 20 saio haietan, baita Whatsappez eta pandemia garaian online ere... Agian, beraiei grabagailua jarri eta kontatzeko eskatuz gero, beste gauza batzuk aterako ziren, eta liburuan dauden beste batzuk ez ziren agertuko. Sentitu nuen egiten nizkien galderen araberakoa izango zela emaitza eta galdetu nien usainez, eskaparateaz, saltzen zituzten panpina motez eta etxean zituztenez, familiaz, dendako pertsianaz», azaldu zuen. Bere burua kontakizunetik aldendu nahi izan zuela ere nabarmendu du. «Ez da nire historia. Posizio pribilegiatu bat izan dut istorio hori jasotzeko», baieztatu zuen, eta, informazioa jasotzeko jarduna kazetaritzatik gertu egon den bezala, jasotako informazioari forma emateko unean gorputzak literatura eskatzen ziola azaldu zuen: «Literaturaren beharra nuen lana nirera ekartzeko. Nahiz eta fikzioa ez izan nire hautua, literaturaren bidez kontatu nahi nuen».

Dendaosteko ahotsak

Emakumeok dendari eta jostun gisa agertzen diren bezala, dendaosteak alaba, emakume taldeko partaide edota kirolari modura ezagutzeko aukera ematen du. Eta, eurenarekin batera, bestelako ahotsak ere ezagutuko ditu irakurleak dendaoste horretan. Esaterako, kale berean lanean diharduen zapatari batena, ahizpenarenarekin kontrastea egiten duena: ahizpentzat denda etxetik ateratzeko bidea izan zen bezala, zapatariaren kasuan neska izateagatik gurasoek «hau dendarako da» esan eta bizimolde horri lotua ikusiko du bere burua. Dendako langile baten eta ahizpen lagun baten ahotsak ere bildu ditu liburuan.

Egiturari dagokionez, atalka zatitu eta kronologia aintzat hartu gabe ematen du kontakizuna, «dendaren formara». «Denda mugimendua da, beti dago diferente eta bizitza hori ekarri nahi nuen. Dendari bakoitzak badaki non dagoen dena eta, liburuan, nahastu egiten da gordean dagoena eta agerian dagoena, jendea joan eta etorri egiten da, herriko eztabaidak, giro politikoa... hori dena islatzen da», laburbildu zuen.