Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Goseari intsumisioa

Txikitasunetk handitasunera lortu izan diren borroka xumeak izan ohi dira iraunkorrenak. Ahulak baziruditen ere, bazterretatik abiatutakoak izan ohi dira lortutakoari gogor eutsi diotenak. Betiko geratzera jaiotako iraultzen oinarriak.

Akaso, Eduardo Galeanok markatutako utopiaren bideari ekin zioten zoro gutxi horiek ere ez ziren hasieran jabetu eurek hartutako norabideak ez zuela atzera bueltarik izanen. Eta gaur, intsumisioa bera bezain indartsua, hunkigarria eta beharrezkoa den “Bi urte, lau hilabete eta egun bat” dokumentala dugu aretoak betetzen.

Filmeko protagonistek ondo dakite zer den bazterretatik borroka egitea. SC Natzabek ondo daki zer den bazterretatik aritzea, Iruñean, Gasteizen eta orain, non eta Lesbosen; bazterretako bollera deprabatuen borroken ikur Lesbosen, orain Europak bazterretara kondenatutako errefuxiatuen eskuari helduz.

Txikitasunetik abiatutako Ane Irazabal bezalako kazetari handien jarraipenari esker jakin dugu gosea izan dela Morian izandako suteen ondorengo egunetan gehien entzun den hitza. Bazterretan dauden horien gosea. Eta horri aurre egiteko daude bertan bere garaian intsumisioan aritutako SC Natzab bezalako utopialariak. Gosea desagerraraztea ere akaso utopia izan liteke, baina intsumisioa ere bada sistema eraldatzeko modu eraginkorrena.