2020/09/17

Iruñeko inauterietako kalejiran zazpi gazteri irekitako auzia salatu dute

Iruñeko Alde Zaharra Ekimenak adierazpen bat plazaratu du, aurtengo inauterietako kalejira dela-eta Alde Zaharreko zazpi gazteren aurkako auzia salatzeko. Desordena publikoen delituak egozten zaizkie, eta horietatik lau, adin nagusikoak, gaur egingo den epaiketan deklaratzera deitu dituzte.

GARA|IRUÑEA
0917_eh_azekimena

Joan den otsailean hamalau urteko neska bat zauritu zuen Polizia espainolak Iruñean, inauterietako ospakizun betean. Poliziak auzoko hainbat tokitan agertu ziren eta esku-hartze gogorrena Baratxurien plazan jazo zen. 14 urteko gaztea furgonetarekin harrapatu eta pelbis-pitzadura eragin zioten, eta auzoko zazpi gazte identifikatu zituzten desordena publikoa eta kalteak egitea leporatuta. Horrek «zigor eta erreklamazio ekonomiko gogorrak» ekar ditzakeela esan zuen atzo Alde Zaharra Ekimena plataformak.

Auzo mugimendu horrek adierazpen bat plazaratu zuen atzo goizean, zazpi gazte horien aurka irekitako auzia salatu eta, oro har, auzoko gazteei babesa adierazteko. Desordena publikoaren delituak egotzita, zazpi horietatik lau –adin nagusikoak– ikertu gisa deklaratzera deituta daude gaurko epaiketan.

«Gertaera horiek gazte inplikatuentzat eta Alde Zaharreko gazte mugimendu osoarentzat izan dituzten ondorioei irekitako auziaren prozedura horretatik eratorritako ondorioak gehitu beharko litzaizkieke, aurrera eginez gero», gehitu zuten atzo goizean eman zuten prentsaurrekoan.

AZ Ekimena dinamikak auzia artxibatzeko eskatzen du, eta babesa ematen die salatutako gazteei eta horien familiei, bai eta auzoko gazteriari ere, «ezinbestekoa baita gaurko Alde Zaharrean, baita auzo bizi eta herrikoia eraiki eta defendatzeko ere, Alde Zaharra etorkizunean ere izango baita».

Arreta desbideratzeko asmoa

Gertaera hau jazo eta egun gutxira, Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM) gertatutakoa azaldu zuen. Adierazi zuen gazteak «beti bezala, hainbat taberna zein negoziotan sartu zirela auzoari jakinarazteko inauteriak iritsiak» zirela. Mamoxarroz jantzita zeuden, Nafarroako inauterietako jantzi tradizional batekin.

AZGMren hitzetan, «badirudi salatariak ez zuela ulertu nolakoak diren gure euskal inauteriak» eta Poliziari deitu zion. Handik gutxira oldartu zen Polizia gazteen aurka.

Alde Zaharreko Jai Batzordeak zein gazteen mugimenduak deitoratu zuten gazteen aurka egindako akusazioekin «arreta desbideratu nahi izan zutela, auzotarrentzat, auzoko txikienentzat eta kalejiran parte hartu zuten beste pertsona batzuentzat arriskutsua izan zen polizia-ekintza horren desproportzioa eta bortizkeria nolabait estaliz».

PSN, NAVARRA SUMA


Otsailaren 21ean Polizia espainolak egindako esku-hartzea babestu zuten PSN zein Navarra Suma alderdiek. EH Bilduk polizia agenteek erabilitako bortizkeriaren inguruko azalpenak eskatu zituen Nafarroako Legebiltzarrean.