Idoia ERASO
HENDAIA
Elkarrizketa
ZIOMARA HORMAETXE
DANTZARIA ETA KOREOGRAFOA

«Koreografiaren jatorria Gernikako bonbardaketako biktimen ahotsak dira»

Biarritzen igandera arte ospatzen ari den Maitaldia dantza festibal ezagunean «Ahotsak» obra aurkeztuko du larunbatean Ziomara Hormaetxe Company Gernikako dantzari eta koreografoak. Txiki-txikitatik aitona-amonen eskutik entzundako istorioak abiapuntutzat hartuta, Hormaetxek dantzaren bitartez eman nahi izan die ahotsa Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenei.

Sorkuntza prozesua Malandain Balletaren Biarritzeko egoitzan garatu zuen “Ahotsak” obra, Lapurdiko hirira itzuliko da larunbatean dantzazaleen aurrean agertzera. Obraren abiapuntuan ere, sorterrira itzulera bat izan zen, zenbait urtez atzerrian ikasten eta lanean aritu eta gero Gernikara bueltatzean sortu baitzuen Ziomara Hormaetxek.

«Ahotsak» zure laugarren lana da, zein berezitasun ditu orain arteko zure ibilbidea ikusita?

Orain arte dantza eta teknologia berriak uztartu izan ditut, horregatik, areto barruan egiteko lanak ziren. Pieza honetan, berriz, beste era batean sortzeko interesa, beharra edo gogoa izan dut, eta pentsatu nuen egokiagoa zela kalean egitea edo espazio ez konbentzional batean.

Zer adierazi nahi duzu obra honekin?

“Ahotsak” oso pieza emozionala da. Ni Gernikakoa naiz, eta nire dantza formakuntza kanpoan egin dut; etxera bueltatzean nire sustraietara itzuli nintzen. Nire aitona eta amona iaz hil ziren, eta beraien oroitzapenak baditut, baserrian kontatzen zidatenean bonbardaketa nola jasan zuten; euren istorioak eta esperientziak baditut. Nik beti izan dut jakin-mina gertatu zenarekiko, eta kutxa batean gorde izan ditut beraiek kontatutako istorio horiek. Beste alde batetik, Historia eta Artearen Historia ikasi ditut. Gainera, testigantza horiek zuzenean jasoko dituen azkena izango naiz, eta hortik sortu zen ideia.

Dokumentazio lanik egin al duzu?

Ikerketa bat egiten hasi nintzen, dokumentazioa jasotzen, nire aitona-amonei grabaketak egiten, beste biktima batzuen testigantzak ere bildu ditut... Hain zuzen, horietako bat, Luisa Garcia Goioganarena, obraren soinu bandan agertzen da; biktimen ahotsak dira. Sorkuntza prozesua nik egin dut, baina Gernikako bonbardaketa jasan zuten biktimak dira jatorria.

Zein urrats eman dituzu sorkuntza prozesuan?

Lan honen egonaldi artistikoa Ballet Malandainen egoitzan egin nuen 2019 uztailean, Dantza Hirianen bitartez. Horregatik, Maitaldia festibalean aurkeztea polita da, han hasi zelako eta han aurkeztuko dudalako.

Bigarren egonaldia Gernikan egin nuen, Astra eraikinean. Toki hori arma fabrika zen Gerra Zibilean, eta, horregatik, alemanek ez zuten bonbardatu; gaur egun sorkuntzarako gune bat da. Bertan entseatzen egotea pasada bat da, karga emozional handia dago hor.

Konfinamendua tartean egonik, sorkuntza zaila izan al da?

Martxotik estudiora entseatzera ezin joan izatea, oso latza izan da. Nire lankidearekin ezin izan dut lan egin. Hasieran online ondo aritzen zara, baina gero desmotibatu egiten zara. Zortea izan dugu, bi emanaldi egin baikenituen, La Fundicion aretoan eta Tabakaleran. Sentsazioa harrigarria izan zen; etxean konfinatuta egotetik publikoarekin landutakoa partekatu ahal izatera igarotzea kristoren pribilegioa izan zen, nahiz eta, noski, egokitu egin behar...

Zein ezaugarri dauzka obrak?

14 minutu irauten ditu, duo bat da Iruñeko Akira Yoshidarekin. Bera breakdancearen mundutik dator, nahiz eta dantza garaikidean aditua den. Asko interesatzen zait bi dantza diziplina horietan murgiltzea. Lana oso fisikoa da, eta berak eman dizkidan pintzelkadak niretzat oso interesgarriak izan dira beste ate batzuk irekitzeko.

Aipatu duzun testigantza horrekin batera, zein musikak laguntzen du dantza?

Testigantzaren ahotsa, nolabait, Aitor Etxebarriak musikatu du, eta Dodik beste parte bat egin du. Musika piezarekin batera sortu da, bereziki testigantzaren partea. Obra aurkezteko moduan badago ere, oraindik lanean jarraitzen dut.

Maitaldiaz gain, beste hitzordurik ba al daukazu?

Urriaren 3an Leioako Umore azokan izango naiz, eta, 10ean, Bilboko Alondegian.

Beste proiekturik ba al duzu?

Bai, Pierre-Antoine Menage musikari frantsesarekin solo bat egiten ari naiz, eta ideia bideo dantza izatea da. Konfinamendu garaian izan nituen sentsazioak dira oinarria; bereziki emozioen aldea lantzen hasi gara.