GARA
NEW YORK

Ezohiko Batzar Orokorra egingo du NBEk 75. urteurrenean

Nazio Batuen Erakundeak 75. urteurrena ospatzen du aurten. Datorren astean Batzar Orokorra egingo du, ezohiko testuinguruan. Pandemiaz gain, klima larrialdia, Donald Trumpek erakundearekiko duen jarrera kritikoa, Iranekin sinaturiko akordio nuklearra eta AEBen eta Txinaren arteko ika-mika egongo dira gai zerrendan, besteak beste.

Nazio Batuek 75. Batzar Orokorra ezohiko giroan egingo dute datorren astean. Koronabirusaren pandemia dela eta, egoitza nagusia erdi hutsik dago eta aurten ez da munduko diplomaziaren erakusleiho izango. Nolabaiteko «normaltasuna» mantendu nahian, aretoan herrialde bakoitzeko diplomazialari bat baino ez da egongo. Presidenteen eta estatuburuek , berriz, bideokonferentzia bidez hitz egingo dute. Duela hilabete bat Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek bertan egongo zela iragarri zuen arren, ostegunean bere prentsa arduradun Mark Meadowsek iragarri zuenez, azkenean ez da bertaratuko.

Nazio Batuetako idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzetan, aurtengo agendaren erdigunean pandemia, bakea, segurtasuna, armagabetzea, giza eskubideak, genero berdintasuna eta planetaren garapen jasangarria egongo dira.

«Batzar Orokor hau ez da inondik inora besteak bezalakoa izango», adierazi du Guterresen bozeramaile Stephane Dujarrik. Guterresek berak aitortu du formatu honek zailtasun asko sortzen dituela gai korapilatsuei buruz hitz egiteko. «Bilkura eraginkorra izan dadin, diplomazialariak elkartu egin behar dira», adierazi du.

Abantailak ere baditu, ordea. Bulegotik zuzenean aritzeak estatuburu eta presidente gehiagok parte hartzea eragin du. 54 gobernuburuk eta 119 estatuburuk hitz egingo dutela aurreikusita dago –aurreko urteetan 70-80k egiten zuten–. Txinako eta Errusiako presidenteek, Xi Jinpingek eta Valdimir Putinek, ere hitz egitea espero da. Urteak daramatzate Batzar Orokorrean parte hartu gabe.

Dudarik gabe, 75. urteurren zaila dute Nazio Batuek. Segurtasun Kontseiluaren baitan dauden desadostasunak NBEren lana zailtzen eta oztopatzen ari dira hainbat eremutan. Trump ere oso kritiko agertu da NBErekin eta ematen zuen diruan murrizketa nabarmenak egin ditu; batez ere, palestinar errefuxiatuen laguntzari dagokionez. NBEak hilabete luzez eztabaidatu duen adierazpena «topikoz beteriko lau orrialde» direla esan du Thomas Weiss New Yorkeko Graduatuen Unibertsitateko adituak. Erronka nagusiak: pandemia, krisi ekonomikoa, Irango akordio nuklearra, Libiako egoera eta klima aldaketa. Asteartean Trumpek, Putinek, Xik, Hasan Rohanik (Iran), Recep Tayyip Erdonagek (Turkia), Emmanuel Macronek (Frantzia) eta Latinoamerikako zenbait presidentek hitz egingo dute.

Batasunaren eta bakearen aldeko deia egin du Guterresek

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek batasuna eskatu die herrialdeei koronabirusaren pandemiari aurre egiteko. «Birusa gure 1945a da», nabarmendu du; II. Mundu Gerra amaitu eta Nazio Batuak sortu ziren urtea, hain zuzen ere. «Inoiz baino batuago egon behar dugu, mundua berriro martxan jarri ahal izateko eta NBEren sorrerako Karta babesteko», adierazi du datorren astelehenean hasiko den Batzar Orokorrari begira. «Askok esperantza guztia txertoan dute, baina jakin badakigu pandemia batean ez dagoela soluzio magikorik», ohartarazi du. Txertoa prest dagoenean herrialde guztientzat eskuragarri izatea bermatu behar dela esan du.

Bere hitzetan, mundu mailako agintariek pandemia dela-eta hamarkada luzeetako aurrepausoak zapuztea ekidin behar dute. Eta horretarako, beste behin, elkartasunerako eta batasunerako deia egin du: «Bakearen eta gatazken konponbidearen alorrean, esperantzaz betetzen gaituzten urratsak ikusi ditugu, esaterako, Afganistanen eta Sudanen. Ukrainan eta Sirian su-etenak egon dira. Horiek diplomaziaren ateak zabal ditzakete. Txanpa hori aprobetxatu egin behar dugu bakearen aldeko ahalegin kolektibo bat egiteko». Bilkurari hasiera emango dion diskurtsoan, Guterresek urtea amaitu aurretik mundu mailako su-eten bat lortzeko deia egingo die herrialdeei.GARA