Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Federica Mingolla eta Leo Gheza,eraginkortasun handiko sokada

Bi eskalatzaile italiarrek goi mailako jarduerak egin dituzte Brouillarden eta Grandes Jorassesen. Gheza bakarka ere aritu da Freneyn.

Uztaila eta abuztua hilabete oparoak izan dira Federica Mingolla eta Leo Gheza italiarrentzat. Bi eskalatzaileok eraginkortasun eta maila handia erakutsi dute elkarrekin eginiko jardueretan. Mont Blanc mitikoaren mendigunean jardun dute. Lortutako uzta azpimarratzeko modukoa izan da. Hiru bide alpino gogor, bi hormatzar zailetan: Pilier Rouge du Brouillard eta Grandes Jorasses.

Pilier Rouge du Brouillarden, adibidez, “Incroyable” bidearen (8a, 290 m) lehen igoera integrala sinatu zuten uztailaren 18an. Gogoratu behar dugu egun batzuk lehenago sortu zutela marra Matteo della Bordella, François Cazzanelli eta Francesco Ratti italiarrek.

Jarduera horri dagokionez, aurreratu behar dugu Mingollak berak bidearen luze gogorrenak sokaburu gisa eta era askean igo zituela. 8a mailako luze bat gainditu behar izan zuen, baina, oro har, zailtasun iraunkorrak ditu; 7b gradua halabeharrez gainditu behar da.

Federica Mingellak aurreratu du Leo Gheza izan zela Mont Blanceko mendigunean elkarrekin eskalatzeko gonbidapena luzatu ziona: «Ez nuen Leo ezagutzen, baina, noski, haren berri banuen. Gonbidapena jasotzean, marra gogor bat eskalatzeko gogo handiz eta oso motibatuta nengoela esan nion Leori. Pilier Rouge du Brouillarden lagun batzuek zabaldu berri zuten bidea, ‘Incroyable’, izango zela gure helburua adostu genuen. Berez oso baikorra naiz, baina, egia esan, plan hori ez zitzaidan oso errealista iruditzen hasiera batean. Perfektua bai, ordea».

Eguraldia lagun, bidearen sarreran zeuden uztailaren 18ko 07:30ean. Mingollak aurreratu duen bezala, hasteko eta behin, 7a mailako luze eder bati ekin zioten: «Asko gozatu nuen. Ondoren, luze samurragoak daude, ‘King’ izeneko luzera eramaten zaituztenak. Hots, bidearen giltzara, 8a zailtasunekoa. Garaiera horretan ez ditut zailtasun horretako luze asko probatu, baina aukera erakargarria zen granitoan zenbat ikasten ari naizen jakiteko. Lehen ekinaldian porrot egin genuen. Bileran ginela, elkar begiratu eta helburu gogorregia zela ondorioztatu genuen. Bederen, leku paregabe batean geunden! Atseden pixka bat hartu, luze hori rappelatu eta berriro martxan jarri ginen. Neure buruak esaten zidan ziur aski eskalada hori bertan behera utzi beharko nuela. Baina hurrengo minutuetan zer gertatu zen ezin dut azaldu. Buruhauste handiak eman zizkidaten mugimenduekin gogor borrokatu ondoren, luze horren giltzara heldu nintzen. Helduleku batean atsedena hartzen ari nintzela, laino batek eguzkia ezkutatu zuen eta arrokaren ukimena asko hobetu zen. Sekuentziari ekin nion, eta amets bat egia bihurtu zen. Den-dena perfektu egin nuen».

Pozarren, bostekoa Ghezari luzatu eta aurrera jarraitu zuten. Bidearen giltza era askean eskalatzeaz gain, gailurrera heltzeko falta ziren hurrengo luzeak ere estilo berdinean igo zituzten. 16:30ean “Incroyable” patrikan zuten; bide horren lehen igoera integrala, hain zuzen ere.

Grandes Jorasses mendia

Brouilardeko jarduera egin eta pare bat astera, sokada italiarra Grandes Jorasseseko ipar hormara abiatu zen. Xedea, “Manitua” bidea. Hau da, 1991. urtean, Slavko Sveticic esloveniarrak zabaldutako bidea. Bi egun behar izan zituen 1.200 metro eta A3+ eta 70º zailtasunak gainditzeko.

Protagonistek ez zuten zalantzarik izan “Manitua” aukeratzekoan. Hala ere, errespetu handiarekin hasi ziren eskalatzen: «Luze oso gogorrak ditu, baita kondaira berezia ere. Gainera, badu berezitasun bat: 350 metroko eskalada perfektua arroka bikainean. 12:30ean murruaren oinarrian geunden. Oso azkar lehen 450 metroak gainditu eta bideak duen sekzio bikainaren sarrerara heldu ginen. Luze bat egin eta erlaitz batean bibaka prestatu genuen. 22:00etan infernua piztu zen: ekaitza».

Biharamunean, oso goiz jarri ziren martxan: 04:30ean. Pareta oraindik heze zegoen, baina lehen sekzioa arazorik gabe gainditu zuten. Eguerdirako, berriz, “Le Nez” izeneko luzera (7c+) iritsi ziren. Berez, ez da “Manitua”-ren jatorrizko luzea. Goitik ur asko erortzen zenez, luze hori era askean egiteko helburua baztertu zuten.

Croz gailurrera daraman azken tartea oso zikin eta hautsita dago: «Oso arriskutsua da, iltzeekin ekipatutako 8a mailako luze bat baino gehiago. Azken 200 metrok izan ziren zailenak; horretan ez dugu zalantzarik. Gainera, nahastu eta bi ordu eta erdi galdu genituen. Tontorrera 18:30ean heldu ginen. Jaitsiera, azkenik, oso-oso luzea eta gogorra egin zitzaigun».

Grandes Jorassesetik irten gabe, italiarrok hirugarren eta azken jarduera egin zuten. Baina isuria aldatuta: iparraldetik ekialdera jo zuten. Eta han, “Il Giovane Guerriero” marraren (7b+/c, 350 m) lehen errepikapena sinatzeko ohorea izan zuten. Joan den uztailean, Matteo della Bordella, Matteo Pasquetto eta Luca Moronik zabaldu zuten. Oso estilo onean; izan ere, soilik hiruna iltze eta parabolt ditu. Gainera, bidetik erretiratzeko aukerak oso urriak dira.

Jarduera horren inguruan, Mingollak ez du datu zehatzik eman; soilik, marra sortu zuen eskalatzaileetako bat, Pasquetto, izan du gogoan: «Bidea zabaldu eta gero, jaitsieran Matteo hil egin zen. Berria jaso nuenean kolpe gogorra jaso nuen. Eskalada oso sentimentala izan zen».

Azkenik, azpimarra berezia egin behar diogu Ghezak bakarka eginiko jarduerari: Pilier Central du Freney. Eskalada hori 4.00 metrora hasten da. Lehen urratsak 01:00etan egin zituen. Azkar eta arin zioan, eta hainbat sokada gainditu zituen. Horietako batekin zutoinaren gailurra partekatu zuen.

Mont Blanceko gailurreraino jarraitu zuen Ghezak. 18:00etan heldu zen Alpeetako puntu garaienera: «Egindako igoera azken urteotan bildutako eskarmentuaren emaitza izan zen. Zutoin historiko hori ‘Bonington’ bidetik bakarka igotzea ohore handia izan zen. Uda bikain bat biribiltzea lortu nuen».