Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Maya Gabeira: Aurtengo olatu handiena hartu duen surflaria

Lehen aldiz urteko olatu handiena emakume batek hartu du. Maya Gabeyrak Tow-in modalitateko txapela irabazi du eta neska batek inoiz hartutako olatu handienaren errekorra eskuratu du. Justine Dupont lehiakideak WSL erakundeko epaileen erabakia gaitzetsi du.

Google bilatzailean “Maya Gabeira” jartzen badugu surflari brasildarraren ehunka irudi agertuko zaizkigu, baina gehien-gehienetan ez da surf egiten agertzen, modelo lanak egiten baizik. 2013ko urrian Nazaren bizia galtzeko zorian egon zenean atal honetan idatzi genuen artikuluan ere bilatzaileak eskaintzen zituen irudien berri ematen genuen: «Ia larrugorritan zen neskato lirain bat agertzen zen irudi gehienetan».

Ordutik ospea eta errespetua irabazi ditu Gabeirak olatu handien munduan, baina gaur egun ere, oraindik, pose argazkiak gailentzen dira Googlen. Ordea, bere edertasunaz harago, Gabeirak egin duen ibilbidea eta bere lorpenak zinez kontuan hartzekoak dira. Berriki, Tow-in bidez hartutako olatu handienaren nesken errekorra gainditu du, eta, epaileen arabera, mutilen kategoriako olatu handiena ere gainditu du aurten.

Red Bull Big Wave Awards izendapenetan lortu duen garaipena, ordea, polemikoa bilakatu da, bere arerio nagusia den Justine Dupont lehiakideak zalantzan jarri baitu brasildarrak 2020ko txapela merezi duenik.

Guinness errekor berria

Big Wave Awards izendapenetako epaileen arabera, Maya Gabeirak errekor berri bat ezarri du. Pasa den otsailaren 11n Nazaren (Portugal) hartu zuen olatu batek 22,4 metroko (73,5 oin) garaiera zuela esan dute adituek. Modu horretan, Gabeirak berak Nazaren aurrez hartu zuen 20,72 metroko (68 oin) olatuarekin ezarri zuen errekorra gainditu du.

Nesken kategoriako Tow-in modalitatean lortu duen txapelaz gain, neska batek inoiz hartutako olatu handienaren Guinness errekorra ere egin du. Baina ez hori bakarrik, mutilen Tow-in modalitatean lehen saria lortu duen Billy Kemper hawaiiarraren olatua ere gainditu du Gabeirak. «Munduko errekor hau zinez harrigarria iruditzen zait, esan nahi baitu 2019-2020 denboraldiko olatu handiena emakume batek hartu duela», nabarmendu zuen 32 urteko surflari brasildarrak.

Maya Gabeirak Tow-in modalitatea praktikatzen du, hau da, uretako motor baten laguntzarekin hartzen ditu olatuak. Ordea, gainontzeko modalitateetan ez du arrakasta handirik, horregatik, nesken kategorian surflari gisa «profil osoagoa» duen Justine Dupont arerioak ez du ontzat eman epaileen erabakia. Are, Instagram bidez zabaldu dituen mezuen ostean polemika piztu da sare sozialetan.

Ika-mika

Justine Dupont surflari frantsesak hainbat modalitate menderatzen ditu. Longboardarekin Europako txapelduna da, olatu ertainetan taula txikiarekin lehiatzen da. Olatu handietan, berriz, arraunean edo Tow-in modalitatean, munduko surflari onenetakoa da. Horren adibide dira aurtengo Big Wave Awards izendapenetan irabazi dituen bi sariak (urteko surflariarena eta urteko performancearena).

Seignosseko surflariak, antza, urteko olatu handienaren saria ere irabaziko zuela uste zuen eta epaileek Maya Gabeiraren garaipena iragarri orduko bere haserrea kaleratu zuen. «Irribarre egitea erabaki dut guztiz bidegabea den erabaki honen biktima izan arren. Kirol hau ordezkatzen duela dion Liga horrekin oso atsekabetua nago», jakinarazi zuen Landetako surflariak.

Dupontek egindako kritiken artean, Gabeirak olatua ez zuela amaitu salatzen zuen, olatuaren azpialdean zenean apar erraldoiak irentsi baitzuen brasildarra. Ez da lehen aldia WSLko epaileei kritika hori egiten dietena, lehiakide batzuen ustez ez baita soilik olatua jaistea puntuatu behar, olatutik airoso ateratzea ere garrantzitsua da.

Sare sozialetan zabaldutako gutunean bestelako irakurketa teknikoak ere egiten ditu Dupontek, Gabeiraren olatuaren altuera ez zela behar bezala neurtua izan justifikatzeko. Hala nola, bi surflarien altuera eta argazkilariarekiko distantzia aipatzen ditu eta Gabeiraren zenbait irudi denboraz kanpo onartuak izan zirela salatzen du.

Bere aldetik, Gabeirak, ika-mikari iskin eginez, Dupont goraipatu du: «Justine miresten dut. Erretiroa hartzeko erabakia hartzeko zorian nengoenean jarraitzeko indarra eman zidan figura izan zen, bere bilakaera ikusi eta ohartu bainintzen urte batzuk gehiago eutsi behar niola erritmoari».

Justine Duponten haserreak izango du beste ondorio bat, izan ere, asteon Angelun eta hurrengo astean Portugalen egingo diren txapelketetan parte hartzeko WSL erakundeak egin dion gonbita errefusatu du.

Soilik gonbidapen bidez parte har daitekeen 24 lehiakidez osatutako formatu berria, covid-19aren eraginez egokitutako lehiaketa mota da. «Europako surflari hoberenak» gonbidatzen dituzte ikuskizuna eskaintzeko eta garaileen diru-sariak irabazi asmorik gabeko erakundeei helarazten zaizkie.

Honi buruzko guztia: Surf