2020/09/21

Erreportajea
 
WEETBE: BABES SEGURU, GARDEN ETA IRAUNKORRA

Laguntzeko nahiak bultzatuta, enpresa talde bereko hiru langilek Weetbe Osaka Mask musukoa garatu dute, merkatuan dauden beste aukerek dituzten gabeziei eta arazoei erantzunez. Ekoizpenari aurre egiteko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abian dute.

Maitanne ALDANONDO
0921_eko_weetbe

Musukoak normaltasun berriaren osagai ezinbesteko bilakatu dira. Itxura, mota, babes maila... askotarikoak daude, baina ia denek, arnasketa zaildu eta ahoa ezkutatzen dute. Gainera, erabilera bakarrekoak badira, hondakin bilakatzen dira. Arazo horiei erantzunez, Weetbe Mask Osaka sortu dute Itxaso Domingo, Marcos Fernandez eta Iñaki Mendialdua ekintzaileek. Hilabetetako lanaren ondoren pasa den astean abiarazi zuten ekoizpena finantzatzeko, aurre salmenta kanpaina bat martxan dute Indiegogo plataforman.

Weetbe ekimena Bilbon sortu zen martxoan. Pandemiaren hasieran, besteei laguntzeko zerbait egiteko nahia izan zuten sustatzaileek, horretarako indarrak nahiz ezagutzak batuta. Domingo produktu diseinatzailea da, Fernandez ingeniari industriala eta Mendialdua Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan graduduna. Merkatuko musukoen arazoak ikertu, eta hiru nagusi atzeman zituzten: gor-mutuek ezin dituzte ezpainak irakurri; musukoarekin zortzi orduz egoteak arnasketa arazoak eragiten dizkie langileei, eta erabilera bakarrekoek ingurumena kaltetzen dute. Horiei bezeroek kontuan hartzen dituzten ezaugarriak gehitu eta diseinu batzuk prestatu zituzten, baita materialak ikertu ere, hobe egokitzen zena topatzeko. Horrekin guztiarekin osatu zuten prototipoa.

Bide horretan, NERgroup taldearen babesa izan dute, izan ere, hirurak Walter Pack eta Idelt enpresetako langileak dira. Nagusiei proposamena aurkeztu zieten, Mendialduak aitortu bezala, «ekoizpen aldetik gaitasunik ez baitugu»; eta, haiek, nola egin aztertzeaz gain, eskarmentu zabala duten bi aditu ekintzaileen mentore lanetan jarri ditu.

Itolarririk ez

Weetbe Mask Osaka inklusiboa, iraunkorra eta ergonomikoa da. Partikulen %98 iragazten ditu eta FFP2 musukoen parekoa da. Itolarria saihesteko, arnasketa errazten duten iragazki bana du alboetan, «brankia modukoak», eta, erdian, motor bat, «balbula bat badirudi ere». Norbera eta hurkoa ez kutsatzeko, sartzen eta irteten den airea iragazten duen iragazki bat du motorrak. Erabileraren arabera bost-zazpi egunean behin aldatu behar da iragazkia, eta garbigarria eta biodegradagarria da. Produktuaren bereizgarri nagusia, ordea, gardena izatea da. Esan bezala, gor-mutuengan pentsatuta otu zitzaien, baina beste askorentzat ere erabilgarri dela jabetu dira, irakasleentzat, kasu. Horrez gain, elementu batzuk beltzak, zuriak edo moreak izatea aukeratu daiteke; eta babes pantaila bat ere jar dakioke. Aurpegi denetara egokitu eta ergonomia hobetzeko lau tamainatan egingo dituzte musukoak.

Osagaiak nahiz materialak homologatuta daude, eta, produktua bera, bidean. «Berrikuntza bat da eta ez dago gure maskarak nolakoa izan behar duen zehazten duen araurik. Guretzat orain hori da garrantzitsuena: homologazio barik askok erabil dezakete, baina arlo profesionalean sartzea ia ezinezkoa da», argitu dute. Hori lortu bitartean, abuztuaren 18an finantzaketa kolektibo kanpaina bat hasi zuten. Ekoizpenerako 74.000 euro biltzea dute helburu, eta, oraingoz, helburu horren heren bat badute; «ez doa txarto, pozik gaude». Datozen asteetan ekimenari bultzada emateko planifikazioa lantzen ari dira, urriaren 18rako gainerakoa lortzeko.

Dirua eskuratzeaz gain, interesa neurtzeko ere baliagarri zaie. Mendialduaren esanetan, «jende asko jarri da gurekin harremanetan, azken asteetan, ikastola asko, oso arduratuta daudelako. Ikusi dugu jendeak nahi duela». Estatuan saltzen ari dira nagusiki, baina Kanada, AEB eta Europako herrialde askotatik ere erosi dizkiete. Gerora, online salduko dute euren dendan edota Amazon bezalako plataformetan. Halakoez ez dute gehiegi pentsatu, buru-belarri ari baitira esku artean dutenarekin. Edonola, argi dute elkarte mugatua eratzeko asmoa. «Negozio eredua finkatu behar dugu. Talde ona osatzen dugu, profil ezberdinak ditugu eta ondo lan egiten dugu. Gure ideia produktu gehiagorekin aurrera egitea bada ere, momentuz ez dakigu zer produkturekin».