GARA
DONOSTIA

Pandemiaren krisiari aurre egiteko ildoak, eztabaidagai

Bi aste barru LABek Biltzar Artekoa egingo du BECen, bi urte barru egin behar duen Biltzar Nagusiaren aurretiko hausnarketa gisa. Sindikatuaren hitzetan, 2017ko Biltzar Nagusian hartutako erabakien nondik norakoen berri emateko aukera izango da, baita hartutako konpromisoen «itzultze ariketa bat» ere. Langileek «eredu aldaketa» behar dutela berretsiko dute, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu baten aldeko ildoak azpimarratzearekin batera.

LABen 40 urteko historian, sindikatuak egiten duen lehen Biltzar Artekoa izango da urriaren 8an Barakaldoko BECen egingo duena. Bi urte barru egin beharreko Biltzar Nagusiaren aurreko topaketa izango da, 2017an hartutako erabakien nondik norakoen berri emateko baliatuko dutena. 2017an hartutako konpromisoen «itzultze ariketa bat» ere izango da Barakaldoko hitzordua, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi albokoak atzo sindikatuaren Donostiako egoitzan egindako agerraldian azaldu legez.

Pandemiak areagotu duen krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, LABek jokatu beharreko rolaz eta egin beharreko ekarpenez eztabaidatuko dute Barakaldon. Aurrera begirako ildoek ere tarte nabarmena izango dute. Ildo horiek honakoak dira: bizitza erdigunera eramateko alternatiba estrategikoa berrestea; eredu aldaketarako baldintzak sortzea; kontrabotere sindikalismoa indartzea, ekintza soziosindikal integrala praktikan jarrita; aldaketa sozialak gauzatzeko aldaketa politikoak eragitea; eta sindikatu eraldatzaile gisa indartzea.

Nolanahi ere, «argi» daukate langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko aldarrikapenak lehentasunezkoak direla eta, hortaz, horiek gehiago garatuko dituzte BECen. «Proposamenon alde langileak nola antolatu eta nola aktibatu aztertuko dugu, baita aliantza politikak ere», adierazi zuten.

Apustu estrategikoa

Garbiñe Aranbururen hitzetan, egindako apustu estrategikoa berresten du LABek: «Bizitza erdigunera eraman behar dugu. Sistema kapitalista berreraiki ez, eredu aldaketa behar dugu». Aranbururen ustez, «sistema kapitalista berreraikitzea prekaritate eta pobrezia gehiago da, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea, zaintza lanen arazoari irtenbidea ez aurkitzea, planeta suntsitzen jarraitzea».

«Eredu ekonomiko eta sozial berrira eramango gaituen trantsizio ekosozialista eta feminista» beharrezkoa dela irizten du sindikatuak eta eredu berri hori Euskal Herrian erabaki nahi dutela agerian utzi zuten beste behin. «Eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eskutik doaz», gogoratu zuen Aranburuk.

Eredu kapitalista, maila sozial, ekonomiko eta ekologikoan, agortuta dagoela irudikatu nahi izan zuten atzoko aurkezpenean; partida jolasteko eta irabazteko aukera badagoela, alegia. Partida hori xake partida baten modukoa izango dela ere aipatu zuten, alderdi sistema eta patronala taularen alde batean eta langileria bestean. «Xakea zerbait baldin bada, estrategia jokoa da. Eta horrelaxe ikusten dugu momentua, xake partida baten moduan. Xakean garrantzitsua da norberaren jokaldiak aurrez ongi pentsatzea, baita parean dagoen jokalariaren jokaldia aurre ikusteko gaitasuna izatea ere».

Patronalak krisiari nola aurre egin nahi dion jakitea –«kostu guztiak langileon bizkar gainean utzita»– langileriarentzat «abantaila» delakoan dago LAB. Horregatik, «gure jokaldian zentratzea» funtsezkotzat jo zuten eta estrategia hori zehaztea izango du helburu urriaren 8ko Biltzar Artekoak.

Eredu sindikala birpentsatzen

LAB langile ororentzat tresna izatea asmo hartuta, eredu sindikala birpentsatzeko lanari ere ekingo diote Barakaldon. Izan ere, prekaritate modu zaharrei lan harremanen desarauketak ekar ditzakeen arrisku berriak gehitu zaizkie: telelana, digitalizazioa...«Horri guztiari nola aurre egin eztabaidatuko dugu. Arreta berezia jarriko dugu ohiko sindikalgintzarekin iristen ez garen langile kolektiboetan», nabarmendu zuten. Sektore feminizatu eta prekarizatuak, lan munduan etengabe sartu eta atera ari diren gazteak, migranteak, etxeko langileak, rider-ak, ekonomikoki menpekoak diren autonomoak, ekonomia ezkutuan ari direnak dira, besteak beste, kolektibo horietako batzuk LABek azpimarratu zuenez. Izan ere, euren lanen berezitasunen ondorioz, sindikatzeko zailtasunak dituzte langileok.

Gauzak horrela, ekintza soziosindikal integralaren bitartez sindikalismoa lantokietan zein sozialki kontrabotere gisa indartzea izango da Biltzar Artekoaren helburu nagusietako bat.