GARA
baiona

Parisen erasoei karrikan erantzutea da Euskal Herria Bai-ren erronka

Ikasturte berriari begirako erronkak aipatzeko Baionan egin zuen agerraldian, justizia soziala, hizkuntza eta konponbide prozesuaren arloetan «Parisetik datozen erasoei karrikan erantzuteko» engaiamendua hartu zuen Euskal Herria Baik.

Parisek covid-19ak eragindako pandemia zentralismoa areagotzeko baliatu duela adierazi zuten Anita Lopepe eta Iker Elizalde EH Baiko bozeramaileek, eta osasun krisi honen aurrean Gobernuak agerturiko eraginkortasun falta nabarmendu zuten.

Proposamen zehatzak eginen dituzte, bestalde, Euskal Elkargoaren baitan. Hala, Baionan eta Biarritzen etxegabeen aurka harturiko erabakiak «onartezintzat» jo ondoren, EH Baik prekaritateari buruzko behatokia sortzeko tenorea dela defendatuko du.

Bestalde, Hiriburuko ama eskolan murgiltze eredua zabaltzeari Bordeleko errektoreak ezarritako debekua deitoratu zuten. «Jarrera ideologiko zehatz baten eragina da harturiko erabakia, jarrera ultrajakobino baten adierazle», azaldu zuten.

Hala, Euskal Herrian diseinaturiko «hizkuntza politika ausarta» eta hezkuntza eredua bertako baliabideen bidez garatu beharra dagoela defendatuko du EH Baik.

Jakes Esnal

«Delibero kriminala da, de facto militante batzuk kartzelan hiltzera kondenatzen dituzte». Hitz gogorrak izan zituen Lopepek ostegunean Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak Jakes Esnal presoa kartzelan atxikitzeko harturiko erabakiaren aurrean.

Parisko Gobernuari konponbide prozesuari begira beste jokamolde bat hartzea galdegin zion, Emmanuel Macronek iaz Biarritzen emandako hitza betetze aldera.