GARA
BILBO

«Zinemakumeak Gara!», 25 urte feminismo eta zinearen lubakian

Emakumeek egindako zinema jaialdiak zilarrezko ezteiak beteko ditu eta Bilbon antolatu den programazio berezi batekin ospatuko da, urriaren 5etik 14ra. Bilborock, Campos Eliseos antzokia eta Alondegia dira emanaldi eta solasaldietarako espazioak. 1996ko lehen edizio hartan proiektatu zen lehen lanak irekiko du zikloa: «Los Goikoetxea».

“Zinemakumeak Gara!” emakumeek egindako zinema jaialdiak 25 urte beteko ditu aurten eta programazio berezi batekin ospatuko dute urteurrena. Urriaren 5etik 14ra izango da, eta Bilboko hiru gune hartuko ditu hitzorduak: Bilborock aretoa, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoa eta Alondegiko auditoriuma. Antolatu den programak kulturaren eta feminismoaren lubakietan egindako ibilbideari buruzko hausnarketa gune gisa balio dezan nahi dute.

Egitarauari dagokionez, urriaren 5ean, Bilborocken egingo da inaugurazioa, eta “Zinemakumeak Gara!” ekimenaren lehen edizioan (1996) erakutsi zen lehen lana eskainiko dute: Beatriz de la Vegaren “Los Goikoetxea”. Ondoren, “Film laburrak femeninoan” emanaldi sorta eta Norma Vila (zuzendaria), Amara Mosteiro (ECCBI) eta Esther Cabero (Kimuak) mahai inguruan bilduko dituen solasaldia izango dira.

Biharamunean, Kelly Reichardt-en “River of Grass” eta Jaione Cambordaren “Arima” emango dituzte, eta 7an, Barbara Loden-en “Wanda” zinema independente amerikarreko klasikoa. Bi egunotan Bilborocken izango dira emanaldiak.

Jarduerak urriaren 12an itzuliko dira, Julie Dash-en “Daughters of the Dust” filmarekin, Bilborocken. Emanaldiaren ostean, Marcelle Mardon eta Azalak elkarteko kideak “Kultura, identitatea eta immigrazioa” gaiari buruz mintzatuko dira solasaldian.

Urriaren 13an, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan, Ana Carrasco Conde filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles kazetari eta poetak mahai inguru batean parte hartuko dute: “Kulturatik eraiki al daitezke beste etorkizun batzuk?”. Horren ondoren, Paula Cons-en “La isla de las mentiras” filma estreinatuko da, eta jarraian solasaldi batean parte hartuko du zuzendariak berak.

Azkenik, urriaren 14an, 25 urteko historiari buruzko dokumental batekin amaituko da edizioa, Alondegian. Jarraian, “Zinemakumeak Gara!” ekimenaren sortzaileetako batzuek hitzaldi-topaketa batean parte hartuko dute: Carmen Urruela, Maria Luz Isasi eta Ana Gutierrez zuzendaria jardungo dira, Ana Hormaetxea gidoilaria moderatzaile dela. “My Mexican Bretzel” «denboraldiko filmik harrigarrienetako bat» proiektatuko dute erakusketa bukatzeko, eta, horren inguruan solasaldia izango da, Nuria Gimenez Lorang zuzendariarekin.

Horretaz guztiaz gain, “Zinemakumeak Gara!” jaialdiak Basauri, Portugalete eta Zallara hurbilduko du programazioaren zati bat, 2021ean zehar Bizkaiko beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa duen ekimen baten barruan.