Maite UBIRIA BEAUMONT
ZIBURU

Estatuen biktimei aitorpena ematea eskatu dute oroimen-ibilaldian

Txiki, Otaegi eta FRAP erakundeko beste hiru kide fusilatu zituzteneko 45. urteurrenaren karietara, ibilaldia egin zuten atzo Donibane Lohizune eta Ziburu artean. Estatuen indarkeriaren edo gerra zikinaren eraginez hil ziren herritarrak izan zituzten gogoan, iraganari so baino etorkizunari begira eginiko memoria ekimenean.

1975eko irailaren 27an gertatu ziren diktadura frankistak agindutako azken fusilamenduak. 45 urte igaro dira geroztik, baina data horren bueltan, Katalunian eta Euskal Herrian, ekitaldiak egiten dituzte Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi ETAko militanteak eta beraiekin batera exekutatu zituzten Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAP taldeko kideak gogoratzeko.

Atzo, Donibane Lohizune eta Ziburu artean memoria-ibilaldia egin zuen ezker abertzaleak, iraganari so gelditzeko baino «orainari eta geroari» begira jartzeko xedez. Adin eta ibilbide ezberdineko ehunka herritar elkartu ziren, gehienbat belaunaldi gazteen bultzadapean eginiko ibilbidean parte hartzeko.

Donibane Lohizuneko Luis XIV.a plazan izan zuen abiapuntua memoria eskubidea aldarrikatzeko egindako ibilaldiak. Ipar Euskal Herria frankismoaren ondoko urteetan gogor astindu zuen gerra zikinaren atzaparretan hil ziren hiru herritarren erretratuak ezarri zituzten.

Hurrenez hurren, Triple A talde armatu faxistak 1978an hil zuen Agurtzane Arregi – bere senar Juan Jose Etxabe ere zauritu zuten atentatu hartan–, GAL taldeak 1984an hil zuen Mikel Goikoetxea ‘Txapela’ eta urtebete beranduago Felipe Gonzalezen gobernuaren garaian jardun zuen talde terrorista berak hil zuen Xabier Galdeano izan zituzten gogoan. Arregiren bi alabetako batek, Anaizek, «berrogei urtetan inork ez digu barkamena eskatu, baina terrorismoaren biktimak gara» adierazi zuen. Xabier Sanchez Erauskin kazetariak EGINeko langile izan zen Xabier Galdeano hil ondoren idatzi zuen zutabea eta Txapelak alabari idatzitako eskutitz bat ere irakurri zituzten.

«Inor ez utzi bide bazterrean»

Frantses Poliziak 1984. urtean hil zuen Didier Lafitte IK erakundeko militantea gogoratzen duen oroitarria izan zen memoria ibilaldiko bigarren geltokia. Haren anaia Pascalek esker oneko hitzak izan zituen han bildutako lagunentzat eta «inor ez ahazteko, inor ez bide bazterrean uzteko» deia egin zuen. Guk musika taldeak sorturiko “Arrantzale maitagarria” abestu zuten ondoren Urruñako musikari batzuek.

Zubia zeharkatu eta Zibururantz abiatu ziren ibiltariak. Kaian, Joxe Migel Etxeberria ‘Naparra’ BVEk desagerrarazi zuen errefuxiatuaren familiak egiaren bila eginiko ibilbide malkartsuaz aritu zen Iñaki Egaña. BVE taldeak 24 herritar hil zituela eta GALek beste 27 gogorarazi zuen historialariak.

Ziburun, Galdeano bezala, GALek hil zituen Christian Olazkuaga, Emile Weis eta Claude Doer lapurtarren memoria betikotzen duen plaka bat dago. Hain zuzen,«murruetan zuen izenak irakurriz hazi gara eta zuen izenak abestuz haziko ditugu gure seme-alabak» hitzeman zuten ekitaldi amaieran mintzatu ziren hizlari gazteek.