Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

«Momentum» belaunaldia: Laguntasuna vs lehiakortasuna

Hurrengo belaunaldientzako eredu bilakatzeko ahalegin handia egin behar izan zuten. Talde gisa hasi ziren, lagun artean, baina  bakoitzak bere bidea egiten amaitu zuen. Hiru hamarkada geroago, «Momentun Generation» deiturikoa hizpide da surf aldizkarietan.

Une batek, keinu batek edo erabaki azkar batek momentu historiko bat irudika dezake. Rob Machadoren eta Kelly Slaterren arteko final batek lehiakideetako bakoitzarentzat izan zezakeen garrantzia ulergarria da, ikuspegi pertsonala kontuan hartzen bada. Aldiz, 1995. urtean bi lagunek Pipelineko urautsian irudikatu zutenak, maila pertsonalaz harago, garrantzi historikoa ere badu, paradigma aldaketa baten adierazpen garbia izan baitzen.

Une hartan munduko txapela jokoan zuten bi lehiakideren arteko finalaurreko soil bat zirudiena bestelako begirada batekin aztertzen da gaur egun. Bi garai bereizteko inflexio puntu gisa aurkezten dute surfaren historialariek Machado eta Slaterren arteko txanda famatua. Laguntasuna balio gisa indarra galtzen hasi eta lehiakortasuna gailentzen hasi zen unea irudikatzen du belaunaldi eta jatorri bereko bi lagunen arteko finalaurreko famatuak.

Rob Machadok duela 20 urte utzi zion lehiatzeari; Slaterrek, ostera, oraindik lehen lerroan jarraitzen du. Hain zuzen, 90eko hamarkada hastearekin batera, surf egiteko eta surfa ulertzeko era aldatu zuen belaunaldi bat sortu zen, eta orain, 30 urte geroago, aitzindari izan zen lagun talde hura oroitzeko hainbat artikulu argitaratu dira. Erreportaje guztien oinarrian duela bi urte argitaratu zen dokumental bat dago: “The Momentun Generation”.

Lagun taldea

AEBetako txapelketetan lehiatzen ziren surflari gazteak pixkanaka lagun bilakatu ziren 80eko hamarkada amaieran. Hamabi urte zituztenetik elkarrekin lehian ari ziren, baina lehiaketa guztietan elkar ikusten zutenez, beren arteko harremana sendotzen joan zen. Sasoi hartan oraindik, lehiaketaz harago, bazen lehiaketetarako jardunbide egokien kode moduko bat. Hau da, irabazteak bezainbesteko garrantzia zuen irabazteko moduak. Adibidez, oso gaizki ikusiak ziren gaur egun arruntak diren muturreko jarrera lehiakorrak. Ez zuen «denak balio».

Hamabi urte zituztenetik elkarren artean lehiatzen ziren surflari gazte haien artean zeuden Kelly Slater, Rob Machado, Shane Dorian, Kalani Robb, Ross Williams, Taylor Steele, Taylor Knox, Todd Chesser, Pat O’Connell eta Benji Weatherley. Azken hau amarekin Hawaiira bizitzera joan zen 1990. urte hasieran eta lagunak bisitan joaten hasi zitzaizkion.

Benjiren etxea Oahu uhartean zegoen, Pipelinetik gertu. «Nire gurasoak banandu egin ziren eta nire ama Hawaiira joan zen oporretara, itzuli zenean zera esan zigun, ‘tira mutilak, egin maletak Hawaiira goaz bizitzera’», kontatzen du Benji Weatherleyk.

Ross Williams eta Shane Dorian izan ziren Benjiren etxera bisitan joan ziren lehenak. Gero Kelly joan zen, beranduago Taylor, eta jarraian, gainerako guztiak. Pixkanaka lagun talde sendoa osatu zuten, eta oraindik hastapenetan zen Taylor Steele zinemagile gazteak, bere lagun taldea oinarri hartuta, “Momentum” filma ekoiztu eta plazaratu zuen 1992an.

Bere lagunak surfean agertzen ziren 40 minutuko film hark arrakasta itzela izan zuen. Hawaiin, Kalifornian eta Mexikon hartutako irudi haiek sasoian modan ziren Bad Religion, Offspring, Pennywise eta halako hardcore taldeen doinu azkarrekin uztartu zituen. Horrela, oraindik ezezagunak ziren surflari gazteak ezagutarazi zituen.

Haietako batzuk etxean zituzten arazoak ahaztu eta surfaz lagun artean gozatzeko aukera topatu zuten Oahuko etxe hartan. Urteek aurrera egin ahala, laguntasuna handitzen joan zen, baina baita lehiakortasuna ere, eta, oraindik elkarrekin ziren arren, surflari bakoitzak bere bidea marrazteari ekin zion.

Todd Chesser izan zen olatutik erortzen lehena. 1997ko otsailaren 14an Oahun dagoen “Outside Alligator Rock” urautsira abiatu zen surf egitera Aaron Lambert eta Cody Graham lagunekin. Bi orduz aritu zen surfean zortzi metroko olatu artean, haietako batek azpian atxiki eta itota hil zen arte.

Surflari floridarraren heriotzak eragin handia izan zuen lagun taldean, Chesser baitzen besteak olatu handiagoak hartzera bultzatzen zituena. Ordurako, ordea, lagun taldeko surflari bakoitzak gero eta argiago zuen zer egin nahi zuen eta denborak erakutsi du sasoi hartan hartutako erabakien ondorio izan direla haien ibilbideak. Shane Dorianek, adibidez, olatu handiak aukeratu zituen; Slaterrek, lehiaketa, eta Machadok, surf librea.


Denboraren perspektiba

Michael eta Jeff Zimbalist zinemagileek duela 30 urteko lagun talde hartako kide izan ziren surflariekin kontaktuan jarri eta haietako gehienak biltzea lortu zuten 2017. urtean, eta horri esker  “The Momentum Generation” filma argitaratu zuten 2018an. Denboraren perspektibak ematen duen ikuspegiarekin eta protagonistei eginiko elkarrizketekin 90eko hamarkadan gertatu zen aldaketa aztertzen da filmean.

Kelly Slaterrek 1992an irabazi zuen bere lehen munduko titulua eta egun hartan bere lagunek manta batean bildu eta malda batean behera jaurti zuten. Lagun giroan ospatu zuen Slaterrek garaipena. Bi urte geroago, 1994an, bigarren munduko titulua irabazi zuen Floridakoak, eta hiru urte geroago, hirugarren titulu mundiala irabazteko lehiatzen ari zen berriz ere Slater.

Pipeline Masters txapelketa, lehen mailako zirkuituari amaiera ematen dion txapelketa izaten zen garai hartan ere, eta finalaurrekoetan Slater eta Machado ziren buruz buru lehian. Machadok nahikoa zuen txanda pasatzearekin titulu mundiala eskuratzeko; Slaterrek, ordea, Machado kaleratu eta txapelketa irabazi behar zuen munduko titulua hirugarrenez irabazteko.

Garai hartan hiru olatu hoberenak hartzen ziren kontuan eta, hain zuzen ere, hirugarren olatua izaten zen erabakigarria sarritan. Pareko ari ziren bi lagunak lehian, bederatzi eta hamar puntuko bi olatu zituzten biek, baina txanda amaitzeko minutu gutxi batzuk falta zirenean egoera goitik behera aldatu zen.

Machadok behar zuen olatua hartu eta itzelezko tuboa egin zuen. Pozik atera zen zulotik, behar zuen olatua baitzen hura, lehen postuan jarriko zuen puntuazioa emango zion olatua zen, baina irteeran urertzetik arraun egiten zetorren laguna topatu zuen eta hark eskua altxatu zionean berarengana zuzendu zen bostekoa emateko. Lehian zegoela ahaztu zuen Machadok. Modu horretan lehentasuna galdu zuen, eta, aldiz, Slaterrek lehentasuna eskuratu eta txapela lortzeko baliatu zuen.

Bostekoa eman beharrean olatutik atera eta urautsira joan izan balitz, lehentasuna izango zukeen Machadok eta ez ziokeen Slaterri azken olatu bat hartzen utziko. Modu horretan txanda pasatu eta munduko titulua eskuratuko zuen, baina Machadok berak sarritan onartu duenez, «hori egin izan banu, ez nintzateke ni izango».

Machadok noizbait munduko titulua eskuratzeko izan zuen aukera bakarra galdu zuen, Slater aurkari gisa ikusi beharrean lagun gisa ikusten zuelako. Slaterrek, ordea, aurkari gisa jardun zuen lagunarekin eta horri esker irabazi zuen hirugarren titulu mundiala.  


Egun txanda bera egingo balu gauza bera egingo lukeela aitortzen du Machadok, baina txanda hark berarengan izan zuen eragina ere onartzen du; izan ere, lehia bortitzerako ez zuela balio ohartu zen eta bere balioekin hobeto lerratzen zen bideari ekin zion, txapelketen loturetatik aske. «Free surfer» bilakatu zen lehenik, eta «soul surfer» (arimazko surflari) izendatu zuten gero. Egun oraindik erreferentziazko surflaria da eta milaka jarraitzaile ditu.


Honi buruzko guztia: Surf