GARA
donostia

Musikene, EHU eta Eresbilen argitalpen elkarlan lerro berria

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle askoren profil ikertzaileak kontuan hartuta, Musikenek, EHUk eta Eresbilek irakasle horien lanak ardatz dituen argitalpen elkarlan lerro bat sortzea erabaki dute. Sail honetako lehenengo liburukiak Donostiako jazza du protagonista, Patri Goialderen ikerketatik abiatuta. “Los orígenes de la música de jazz en San Sebastián (1919-1936)” da liburuaren izenburua eta helburu nagusi bat du, egileak esan duenez: «Donostian jazz musikaren jatorria ikertzea eta Gerra Zibilaren aurreko garaiaren panoramika orokorra aurkeztea, ibilbidea 1919an hasiz, urte horretan programatu baitzen hirian lehen aldiz jazz band baten emanaldia, eta 1936an amaituz, altxamendu militarrarekin eta gudaroste frankistek hiria laster hartzearekin».