GARA
HABANA

Hil berri den Arbesuren elkartasuna eskertu dute Kubako euskal deportatuek

Jose Antonio Arbesu diplomazialari kubatarraren heriotzagatik atsekabea adierazi dute Kubako euskal deportatuek, horien senideek eta lagunek. «Bera izan zen Panaman noraezean zeuden lehen deportatuak Kubara ekarri eta babesa eman ziena», nabarmendu dute.

Jose Antonio Arbesu diplomazialari kubatarra joan den larunbatean hil zen Habanan, 80 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Alderdi Komunistan ardura garrantzitsuak izan zituen, baita Gobernuan ere. Kubak Washingtonen duen interes-bulegoko ardura izan zuen 1989 eta 1992 artean. Urte luzez Alderdi Komunistaren Komite Zentralean Amerikarako arduraduna izan zen. Oso gazte zelarik, Egipton enbaxadore egon zen eta, 80ko hamarkada amaieran, Hegoafrika, Namibia eta Angolako bake negoziazioetan Kubako ordezkaria izan zen.

Kuban dauden euskal deportatuek, horien senideek eta lagunek Arbesuk emandako babesa eta laguntza eskertu zuten ohar baten bidez. «Bera izan zen 1984ko maiatzaren 1ean Panaman noraezean zeuden lehen euskal deportatuak Kubara ekarrarazi zituena eta babesa eman ziena. Geroztik adiskidetasun handia sortu zen eta 36 urte hauetan bere azken hatsa bota arte iraun du Euskal Herriarekin eta euskaldunokin zuen loturak», nabarmendu dute.

«Kuban iheslari eta deportatu garenok, senideek eta bere lagunok asko zor diogu eta bere elkartasuna eta bereziki adiskidetasuna gogoan izango ditugu beti. Gizon handi bat joan zaigu isilean eta umil, bere bizitzan izan zen bezalakoa. Arbesu, gure laguna, Euskal Herriak jakingo du nor zinen eta zure ereduak gugan jarraituko du. Ez adiorik lagun», gehitu dute.

Kubako deportatu eta iheslarien seme-alabekin batera, Haizpea Abrisketak, urteetan Arbesuk erakutsitako elkartasuna eskertzeaz gain, haren izaera, gertuko eta apala, goratu ditu, NAIZek plazaratzen duen gutunean.

Sortuk ere samina azaldu du. «Kubatar iraultzailea, internazionalista eta euskaldunen lagun handia. Euskal Herriaren afera ongi ezagutzen zuen. Berari esker 1984an Panaman zeuden euskal deportatuak Kubara joan ziren», adierazi du.

Puerto Ricotik ere mugimendu independentistak azken agurra eman dio. «Independentziaren aldeko borrokaren alde egon zen beti, baldintzarik gabe. Urteetako laguntasuna eraiki zuen», adierazi du MINH mugimendu independentistak.