GARA
BILBO

Oñatin lan istripuz hil zen irakaslearen heriotza salatu dute Donostian

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako dozenaka kidek protesta egin zuten atzo Lakuako Gobernuaren Donostiako egoitzaren aurrean, Ana Atxotegi irakasleak Oñatira lanera zihoala ostiralean izandako trafiko istripua salatzeko. Ezbeharra aurreko ostiralean gertatu zen, goizeko zortziak aldera, GI-2630 errepidean, Oñatin, Opel Corsa auto batek eta Volvo kamioi batek talka egitean.

Istripuaren ondorioz, Opeleko gidaria, Ana Atxotegi, Oñatiko Zuazola-Larraña institutuan lan egiten zuen irakaslea, berehala hil zen. Kamioiko gidaria, bestalde, Arrasateko Ospitalera eraman zuten zaurituta.

Elkarretaratzea atzo eguerdian egin zuten Gasteizko Gobernuak eta Hezkuntza Sailak Donostian duten egoitzaren aurrean. Sindikatuetako ordezkariak ordu erdiz isilik egon ziren, “Istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea” zihoen pankarta batekin.

Lan heriotzak prekaritatearen ondorio zuzena direla salatu zuen gehiengo sindikalak. Nagore Iturrioz Gipuzkoako Steilas sindikatuko arduradunak adierazi zuenez, «heriotza hau ez da istripu hutsa», izan ere, «Hezkuntzako langile askok egunero jartzen dute bizia arriskuan errepidean lantokira iritsi ahal izateko».

Arazoaz jabetzeko eskaera

Hildakoaren familiari eta «hezkuntza komunitate» osoari «babesa eta elkartasuna» adierazi ostean, Iturriozek, «gehiengo sindikalaren» izenean, Hezkuntza Sailari eskatu zion «arazoaz jabetzeko eta konponbidea bilatzeko». Azaldu zuenez, ostiralean in itinere lan-istripu batean bizia galdu zuen irakaslea Oñatiko institutura joaten zen egunero-egunero, bidean dozenaka kilometro eginez.

Istripu honen hurrengo egunean bertan, beste langile batek bizia galdu zuen Kantabriako Derivados del Fluor enpresan izandako leherketa baten ondorioz. Sisteinge enpresako 34 urteko langilea zen. Istripu hilgarri horren aurrean protesta egiteko elkarretaratzea egingo du gaur gehiengo sindikalak Sondikan, Berreteaga bidean.