Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Amatasunaren azaletik

Leire Bilbao idazleak hirugarren poema liburua aurkeztu du, «Etxeko urak» (Susa). Gai batetik baino, leku batetik idatzi du, eta leku hori amatasuna da. Amatasuna, bere poz eta minekin, zama eta galderekin. Ez dira gutxi, gainera. Ura guztia lotzen duen hari gardena da.

Ez delako zuri edo beltz. Badu denetarik eta hura bizitzeko adina emakume daude munduan. Amatasuna zerbait bada poliedrikoa da, eta pertsonala. Nork bere modura bizitzen duena. Hortik idatzi du Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978) bere azken poema liburua, “Etxeko urak” (Susa). Gai batez baino, leku batetik idatzi du, eta leku hori amatasuna da.

Amatasunaren zamak, zauriak, galderak, pozak eta minak jaso ditu poesian, ez baitago amatasun idiliko batetik idatzita, baina ezta amatasunaren ukaziotik ere. Orotara 62 poema idatzi ditu eta izenbururik gabe aurkeztu nahi izan ditu, bata bestearen jarraian, jario gisa irakurtzeko. Lau ataletan sailkatu ditu, eta bakoitza elkarrizketa batekin abiatzen du. Gehienetan Bilbaok sortu duen “ni poetikoa” ari da berbetan. Singularreko lehen pertsonan idatzi du. Amatasunaren esperientzia indibiduala, hizkuntza, kolektibotasuna eta domestikotasuna dira lau atal horien ardatzak, Leire Lopez Ziluaga editoreak atzo aurkezpen ekitaldian aurreratu zuenez.

Disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia dago, dena alde batera botatzeko gogoa eta nork bere ama ulertzeko saiakera. Eta, tartean, figura asko: ura, dena josten duen hari fin eta gardena, nahastuko da etxearekin, gorputza den etxearekin, arrain eta zuhaitzekin. Maite Mutuberria ilustratzaileak sortu duen liburu azal ederrak hori guztia iradokitzen digu.

Ama izan nahi baina ezin duenaz eta ama izan nahi ez duen emakumeaz ere mintzo da, nahiz azpimarratu narratzailea ama dela. Hau lehengo niarekin elkarrizketan arituko da; alegia, lehen umerik eduki nahi ez zuen emakumearekin.

“Urak bota” da poemak biltzeko lehenengo atala. Hor topatuko dugunaz erditze bat dagoela dio egileak, baina hots, erditze bat dagoenean ez da bakarrik ume bat jaiotzen, ama bat ere jaiotzen baita.

Ume batek amarengan

leku berri bat sortzen du

azal txatalezko padura

mugarririk gabeko mendi

magal

oinutsik ibiltzeko zelai.

“Listua” da bigarren atala. Hizkuntza berriaren sorreraz mintzo da. «Ama izatean hizkuntza berri baten jabe egiten gara eta hizkuntza berri hori ez mintzatua ez ezik, fisikoa da. Hizkuntza berri horiek nola ulertu eta nola ulertarazi gogoetatu nahi nuen», adierazi zuen.

(…) nola izendatu

nigan sortu duzun lurralde

berria

ze izen eman

elkar zartatzen

ari diren barruko nire

ozeanoei (…)

“Marea”, hirugarren atala. «Begirada singularretik pluralera pasatzen da eta ahizpatasuna bilatuz beste ama batzuekin mintzatu naiz. Galdera bat dago hor. Nola izan disidentea espeziearen jarraipena eta ordena soziala mantentzea bilakatu denean zure eguneroko lana?», hausnartu du.

Izan nahi ez nuen amak deitu

dit gaur. (…)

Esan diot 24 orduz zabalik

dagoen supermerkatua

naizela

gasolindegia, farmazia

eta guzti

automatikoki zabaltzen

den atea

hurbiltzen zaidan haur

ororentzat.

Eta azkenik “Harraska”. «Hortik behera joaten direlako etxeko urak eta hor garbitzen direlako eguneroko objektuak», esan zuen. Begirada aldaketa dago, eta zaintzaren inguruan mintzatzen da, ama hori zaindua izatetik, edo bere burua bakarrik zaintzetik, besteak zaintzera pasatzen delako, eta orduan eguneroko objetuekin duen harremana ere aldatzen delako «Erosketak egin, arropa garbitu, jaso, janaria prestatu… eta beste ikuspuntu batetik egiten ditu gauza horiek eta objektuen gaineko kontzientzia dago».

Etiketak hala dio:

%100 kotoia, garbitu

bereizirik.

Ez erabili lehorgailurik,

ez lisatu.

Made in Bangladesh.