Andoni ARABAOLAZA
Mendia

Iker Karrera, kontakizun zintzoaren ispilu

Unai Ugartemendiak idatzitako «Bidea ipar» liburua (Desnivel Ediciones) aurkeztu zuten atzo, Donostian.

Iker Karrera aski ezaguna da mendi lasterketen munduan. Bai Euskal Herrian bai nazioartean distantzia luzeetan edo muturreko hitzorduetan lehen lerroan ibili da. Goi mailako garaipenak erdietsi ditu, baita porrotak ere. Eta, hain zuzen, lehia utzi aurretik egin zuen ibilbidearen inguruko balantzea jaso du Unai Ugartemendiak “Bidea ipar” liburua.

Atzo egin zen Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean liburuaren aurkezpen ekitaldia. Eta han izan ziren bi protagonistak. Idazlea eta korrikalaria. Finean, bi lagun. Bata, Ugartemendia, galderak egiten, eta bestea, Karrera, erantzuten. Izan ere, liburuaren formatua elkarrizketan oinarrituta dago.

Bi lagun aipatu ditugu; bada, liburuaren egileak onartu du eite hori izan zela proiektuaren motorra: «Ondo ezagutzen dugu elkar; lagunak gara. Ikerren ibilbidearen %90a jarraitu dut. Gogoan dut oraindik Ehunmilak lasterketan ikusi nuenean. Robot bat zirudien. Irudi hori iltzatuta geratu zitzaidan. Ondoren, kazetari lanetan, bere ibilbidearen inguruan informatu dut. Lau elkarrizketa egingo nizkion. Laguna dudanez, uste dut asko zuela kontatzeko. Eta argi eta garbi neukan ibilbide horren berri eman behar nuela. Hori bai, beste perspektiba batekin. Gainera, trail munduan gertatzen diren egoera askorekin kritikoa da; beste ikuspuntu bat ematen du».

Duela pare bat urte, lasterkari gipuzkoarraren inguruko liburuak lehen urratsa egin zuen. Chamonix-en Petite Troitte a Leon (PTL) binakako lasterketa korritu ostean, Ugartemendiak hiru ordu eta erdiko elkarrizketa egin zion. «Informazio asko zintzilik geratu zitzaidan; izan ere, ‘Berria’ egunkariarentzat idazten ditudan kronikak bi orrialdekoak dira. Uste nuen esku artean nuen informazioa publikoak gustura irakurriko zuela. Eta iaz Ikerri liburuaren egitasmoa proposatu eta baiezko erantzuna eman zidan», azaldu du.

Euskal mendi korrikalari baten inguruan liburu bat idaztea ez da batere ohikoa baina, are gutxiago, euskara hutsez argitaratzea. Eta “ausardia” izan duen argitaletxea Madrileko Desnivel Ediciones izan da. “Bidea ipar”-en bi protagonistak ere iritzi berekoak dira. Karrerak honakoa gehitu zuen: «Erdaraz argitaratzeko beste proposamen batzuk bagenituen, baina Desnivel Ediciones-en jarrera txalotzekoa da. Argi geneukan biok euskaraz izan behar zuela. Nik euskararekin zor hori nuen; besteak beste, sare sozialetan beti erdaraz idatzi dudalako. Argitaletxe espainiar batek euskara hutsez argitaratzen duen lehen liburua da! Guretzat ohorea da, eta emaitzarekin oso gustura gaude».

«Ariketa zintzoa»

Liburuaren edukiari dagokionez, batez ere Karreraren ibilbidearen azken hamar urteak jasotzen ditu. Elkarrizketa luze eta zabal horietan protagonistak hainbat lasterketatan zein mendiko erronkatan izan dituen esperientziak jasotzen ditu. Baina ez da soilik garaipenetara edo porrotetara mugatzen; izan ere, hausnarketak indar handia du liburu honetan.

Karrerak berak aurreratu du miseria asko kontatu dituela. Nahiz eta zer edo zer gorde, modu batera edo bestera biluzi dela: «Nire uste apalean, mendi lasterketen inguruko ariketa zintzoa egin dut. Badago mundu horretan desmuntatu nahi izan dudan mitifikazioa. Hori jasotzen du liburuak. Hitz gutxitan esanda, kontakizun bat, bizitako aztarna horretatik kontatua. Erlatiboa da dena. Nik bizi dudana kontatzen dut, eta irakurleak soilik egin behar duena kontakizun hori bere egitea da».

Hitzaurrea Kilian Jornetek idatzi du, mito bat lehiakide askorentzat eta publiko orokorrarentzat, baina Karrerak onartu du “Bidea ipar” liburuarekin ez duela mitifikaziorik nahi: «Nik kontatzen dudan guztia ez da egia osoa. Nik neuk bizi izan ditudan esperientziak dira. Iritzia ere ematen dut. Eta arriskua badago irakurleak beste era batean interpretatzeko. Jokoaren parte bat da. Irakurleari azalpenen bat eman behar badiot, aurrez aurrekoa izan dadila. Arestian aipatu dut kontakizun zintzoa dela».

Liburuaren aurkezpen ekitaldiaren amaieran, Ugartemendiak eta Karrerak detaile berezia izan dute. “Bidea ipar”-en lehen alea EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoak jaso du. EMMOAren izenean Antxon Iturrizak eskertu zuen jasotako oparia.