GARA
IRUÑEA

«Jauzi handia» emateko, Nafarroan ere aurkeztu dute Euskaraldia

Euskaraldia aurkeztu zuten atzo goizean Nafarroako hainbat eragilek Uharten egindako prentsaurrekoan. Euskal hizkuntza sustatzea helburu duen ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da eta nafar gizarteari parte hartzeko dei zabala egin zieten antolatzaile eta norbanako ezagunek.

Besteak beste, bertan izan ziren Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria; Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendaria; Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea; Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Oskia Ugarte, Uharteko museoko ordezkaria; Oier Sanjurjo, Osasuna futbol taldeko kapitaina; Maria Arrasate, Arrasate okindegietako arduraduna; Oianko Garde, Baztango Euskaraldia batzordeko ordezkaria, eta Ion Celestino musikari eta Euskaraldiaren abestiaren sortzailea.

2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan milaka nafarrek parte hartu zutela gogora ekarri zuten, guztira 22.000 lagunek baino gehiago izan zirela ahobizi edo belarriprest. Bigarren edizioan 2018ko partaideei deia egiteaz gain, parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu zituzten.

Sanjurjok «Osasuna moduko entitate batek euskararen erabilera bultzatzeko ekimenean parte hartzeak duen garrantzia» azpimarratu zuen. Ugartek, bere aldetik, «euskarari ematen dioten lekuari arreta jartzen» lagundu diela nabarmendu zuen eta Arrasatek, berriz, euskarak «bezeroekin sortzen duen lotura» aipatu zuen.