Amaia U. LASAGABASTER
Futbola

Athletic hirugarren finalaren bila doa Logroñora

Martxoan jokatu behar zuten Kopako finalerdia izango dute gaur zuri-gorriek eta EDFk (20.00), zaleekin baina telebista barik.

Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Athleticek sasoiko erronka garrantzitsuenetakoa izango du gaur Logroñon (Las Gaunas, 20.00). Izan ere, 90 minutu ditu aurretik, 120 gehienez, historian hirugarren aldiz Kopako finala jokatzeko txartela eskuratzeko. EDF Logroño gainditu beharko du horretarako, zaleekin baina telebista barik jokatuko den norgehiagokan.

«Sekulako ilusioa dugu. Beti esaten dugu ‘aurten bai’, baina gero ez da sekula heltzen... Inoiz irabazi ez dugun txapelketa da, eta, gainera, luzapenean, penaltietan... galdu ditugu finalak. Motibazio izugarria dugu. Liga irabaztea gero eta zailagoa da eta kanporaketa bakarra gaindituta Kopako finala jokatuko dugula jakinik, pozik eta oso ilusionatuta gaude», nabarmendu zuen atzo Nekane Diezek.

Zuri-gorriek gaurko partida irabazteko lehen urratsa eman dute jada. Ligako lehen jardunaldian Deportivo gaindituz, hain zuzen. «Garaipenek beti indartzen zaituzte, errazagoa da akatsak garaipenekin zuzentzea», onartu zuen Angel Villacampak. Hainbat arlotan hobetu beharra ikusi arren, taldeak larunbatean egindako lanak pozik utzi zuen entrenatzailea. «Ideiak argi ditugu eta, oinarri horrekin, astetik astera hobetzeko gai bagara, Athleticen bertsio handi bat lortuko dugu». Gaur bertan lortzen badute, askoz hobe, Logroño «talde ona» baita, are gehiago «udan egin dituen fitxaketekin». Errioxarren aurka, «gure nortasuna erakutsi beharko dugu. Erritmoa markatu, protagonistak izan... Gurea egiten badugu garaipenetik gertu egongo gara». Hori bai, ikustear da zein jokalarirekin ariko den Athletic, lesionatuek azken proba bat pasako baitute jokatzeko prest dauden erabakitzeko.

Laburrak

Ordutegiak. Eibarrek emango dio hasiera Ligako 2. jardunaldiari, Levanteri larunbatean egingo dion bisitarekin (11.30). Athleticek Sevilla bisitatuko du igandean (11.00) eta Realak jardunaldia itxiko du bere lehen partidarekin. Deportivoren aurka ariko da Abegondon igandean (12.00).

Epaileak. Nahia Alonsoren igoerarekin, bost dira uneotan Lehen Mailako epaile euskaldunak: Beatriz Arregi, Olatz Rivera eta Arantza Gallastegi epaileak eta Nahia Alonso eta Iragartze Fernandez marrazainak.

Kopa. Bina berdindu ondoren, Osasunak penaltietan gainditu zuen Oiartzun Euskal Herria Kopako 1. fasean.

Lesioak. Atleticeko Charlyn Corralek aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen Espanyolen aurkako partidan, aurretik Carmen Menayo bere taldekideak izandako lesio bera. EDFko Raquel Infante ere ebakuntza gelatik pasa da lesio bera izan eta gero.

Agurra. Gizonezkoen Alemaniako Superkopako finala arbitratuta, Bibiane Steinhaus epaileak erretiroa hartu du. Aitzindaria arbitrajean, hiru Munduko Txapelketetan parte hartu du eta gizonezkoen Bundesligan partidak arbitratu zituen lehendabiziko emakumea izan zen.

Ingalaterra. Topera ekin dio Damaris Egurrolaren Evertonek denboraldiari. FA Cupeko finala jokatuko du eta Ligan lehenengo postuan dago Arsenalekin berdinduta, partida guztiak irabazi eta gero.