Oihane LARRETXEA

TXOTXONGILOEKIN BIDAIA FANTASTIKO BAT

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko XXXI. Astearen baitan, Tolosako Topic zentroak erakusketa antolatu du lehenago inoiz ikusi ez diren txotxongiloak bilduz. Mendebaldeko deabruak, sorginak, heriotza… eta Ekialdeko dragoiak eta izaki fantastikoak. «Alegiazko izakiak» Groseko Okendo kultur etxean egongo da ikusgai azaroaren 9ra arte.

Kultura eta tradizioei estu-estu atxikitako pertsonaiak mundu zabalean daude barreiatuta. Ekialdetik Mendebaldera, nork bere usadio, sinesmen eta erlijioek eraginda, ez dago herrialde bakar bat ere munduan bere pertsonaia eta izaki fantastikoak ez dituenik. Eta fantastikoak izanagatik, ez dira sinesgaitzagoak. Hor dago, akaso, beren xarma. Eta unibertsaletan unibertsalena aipatu beharko bagenu, heriotza bera izan liteke, hamaika eratara irudikatua, kulturak kultura, hamaika modutara barneratua. Heriotzak ez baitu beti ikara eragiten.

Iruditegi horrek txotxongiloen munduan duen pisua kondentsatzen ahalegindu da Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongiloen Zentroa. Zaila da, ordea, ia ezinezkoa. Emaitza Gros auzoko Okendo kultur etxean ikusgai den “Alegiazko izakiak” erakusketa da, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko XXXI. Astearen baitan antolatua. Ikusgarria, erakargarria eta bitxia, berezia, gehienontzat mundu ezezaguna baita txotxongiloena, nahiz eta sustraiak munduaren sorreran izan. «Txotxongiloen antzerkia gizateria bezain zaharra da. Pentsa, gizakia kobazuloetan bizi zenean existitzen zen jada itzalez egindako antzerkia. Ikuskizunak emateko itzal-txotxongilo antzerkiaren lehen aztarnak, berriz, Asian topatu ziren, Txinan, Indonesian eta Indian, bereziki. Kolonaurreko indusketa lanetan ere topatu izan dira Mexikon». Idoya Otegui Topiceko zuzendariak datu base bat du buruan. Grinaz mintzo da txotxongiloez, Maria San Sebastian Topiceko dokumentazio eta museo arduraduna bezalaxe. Berak gidatu gaitu hilabete luzez prestatu duen erakusketan barna.

Erakusketaren prestaketa lanak orain urtebete baino gehiago hasi ziren, Josemi Beltran Donostiako Beldurrezko Astearen zuzendariak Topiceko atea jo zuenean. Aurtengo edizioaren kartelak, hain zuzen, generoan ezinbestekoa den Javier Botet aktorea eta panpina bat ditu protagonista, beldurrezko zinemaren historian agertu diren panpenei omenaldia eginez. Hari horretatik tiraka egin zitzaion Tolosako Topic zentroari enkargua: beldurrezko eta fantasiazko iruditegitik txotxongiloak biltzea.

Eta horixe izan da erronka, San Sebastianek azaldu duenez. Biltegian murgildu eta aukeraketa egitea. Baina nola? Ez zen galdera makala, 3.000 txotxongilotik gora baitaude gordeta Topiceko biltegian. «Normalean, orain arte, herrialde edo konpainien arabera egin izan ditugu erakusketak. Ildo horretan, beraz, gaiak edo taldeak definituta gelditzen dira. Nolabait esateko, ez da gehiegi pentsatu behar. Kasu honetan, ordea, bilduma zeharka aztertu behar izan genuen, muga horiek guztiak gainditzen zituelako egitasmoak. Hala, pertsonaien arabera sailkatzea erabaki genuen. Deabruek, heriotzak eta sorginek agertu behar zutela inork ez zuen zalantzan jarri. Neurri berean, fantasiazko pertsonaiak ere jaso nahi genituen», kontatu du aurrez egindako lana gogoan.

Prestaketa prozesua «oso lan polita» izan zela dio. «Datu basean bilatu, biltegietan murgildu… eta zenbait kasutan gurera duela urteak iritsitako txotxongiloak bilatu eta zer-nolako egoeran zeuden ikusi». Ondoren, guztiak sailkatu eta txukun atondu.

Deabruak, sorginak, heriotza

Erakusketak guztira 80 txotxongilo bildu ditu eta gehienak lehen aldiz ikusi ahal izango dira, Topicek ez baititu bere biltegitik orain arte atera. Deabrua topatuko dugu lehenengo atalean. Pertsonaia unibertsala bada ere, konpainia eta herrialde bakoitzak bere interpretazio propioa egiten du, eta oso aberatsa da emaitza. Nahiz eta kolore bertsuak nagusitu (gorriak, beltzak eta laranjak), manipulatzeko teknikari eta tamainari dagokienez, oso ezberdinak dira. Jatorriari dagokionez ere leku askotakoak dira: Mexiko, Venezuela, Katalunia, Herbehereak, Danimarka, Hungaria... Eta itxurak itxura, San Sebastianek dioenez, «ez dute zertan beldurrezkoak izan. Ume edo heldu bati galdetuz gero, erantzuna oso ezberdina izango da, eta erakusketa polita da zentzu horretan».

Sorginekin beste hainbeste gertatzen da. «Normalean gure imajinario kultural kolektiboan irudikatzen direnean elementu amankomunak daude, batez ere Mendebaldean: pertsona gaiztoak dira sorginak; aztiek, ordea, ez dute zertan gaiztoak izan eta gizonezkoak dira; baina emakumezkoak, gaiztoak badira, sorginak dira, eta txintxoak badira maitagarriak. Ezaugarri fisikoak ere partekatzen dituzte: itsusiak dira eta garatxoa dute sudurrean».

Heriotza da Okendoko aretora ekarritako beste pertsonaia. Literaturan oro har, eta bereziki haur literaturan desagertuz joan den pertsonaia den bitartean, txotxongiloetan «oso-oso ohikoa» da, baita umeei zuzendutako obretan ere. «Inor ez da beldurtzen heriotzarekin. Jolas bat hasi ohi da heriotzaren eta heroiaren artean. Heroiak astindu egiten du pertsonaia maltzurra delako, baina inor ez da harritzen heriotza agertzeaz horrelako antzezlan batean, are gehiago, oso gustuko pertsonaia izaten da. Normalean antagonista izaten da», kontatu du San Sebastianek. Atal honetan ikusgai dago “Agustinet” pertsonaia, zeramikaz egindako momia bat. Oso pieza berezia da, txotxongiloak ez baitira zeramikaz egiten, papera eta kartoia bezalako material malguekin baizik, txotxongiloak beren artean kolpeka aritzen baitira.

Mendebaldetik Ekialdera

Aretoaren lehen atalak zentzu batean Mendebaldeko kultura jasotzen badu, bigarren atalak Ekialdera bidaia proposatzen digu. Itzalen txotxongilo antzerkira, dragoi eta beste izaki fantastikoetara. Gure iruditegitik oso urrun dauden begi, azal eta koloreetara. Erakargarriak, enigmatikoak, misteriotsuak. Zer diren asmatzea zaila egiten da. Begi biziak, aho handiak, hortz zorrotzak… «Asiako imajinarioan gaude, hango kultura-erlijio mitikoan. Dena nahastuta agertzen da eta pertsonaia berriak sartzen dira», azaldu du. India, Vietnam, Txina, Sri Lanka, dragoia, fenixa… Tartean izen ezezagunak ere entzuten ditugu; Indonesiako wayang; Mexikoko nahual, erdi otso erdi oilo den izakia; eta Japoniako bunraku, teknika oso berezi baten bidez eta hiru lagunek manipulatuta munstro beldurgarri bilakatzen den printzesa ederra. Pieza hori, ordea, Japoniatik kanpo lortzea «oso-oso zaila» denez, aretoko txoko batean bildu dituzten dozenaka karteletako batean ikus daiteke. Hainbeste dago ikasteko! Ikusteko!

Horregatik hain zuzen txotxongiloaren mundura gerturatzeko leiho ederra da erakusketak irekitzen duena. Diziplina artistikoen artean nahiko alboratuta izanik, Topicetik sektorea aldarrikatzen dute. Izan ere, beste herrialdeetan oso estimatua den bitartean, Estatu espainiarrean txotxongiloen gaineko kultura ez dago oso zabalduta. Ezezagutza handia dago. San Sebastianek txotxongilolarien figura goraipatu du. «Artista handiak dira, Artisauak hizki larriz. Antzezlan bat aurrera ateratzeko denetatik egin behar dute: gidoiak idatzi, egokitu, txotxongiloak eskuz modu artisauan egin, horiekin antzeztu eta pertsonaiei ahotsak jarri. Askotariko ezagutzak izan behar dituzte, dantzari ere izan behar dute zenbaitetan, gorputzaren pisua non jarri jakin behar dutelako benetako pertsonaia dela sinistarazteko. Beraien figura aldarrikatzeko momentua izan daiteke, diziplinen artean, txotxongilotzarena ahaztua izaten dugulako, Europa ekialdean eta Asian ez bezala». Akaso Unescok berak zenbait txotxongilo, bunraku-a kasu, gizateriaren ondare izendatu izanak ematen du duten balioaz ideia bat…