GARA
BILBO

Etxepare Itzulpen Saria: Eider Rodriguez eta Lander Garro

Etxepare Laboral Kutxa itzulpengintza sariaren seigarren edizioan, Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) eta Lander Garro (Errenteria, 1975) itzultzaileak suertatu dira garaile. Lan saritua Eider Rodriguezek berak idatzitako “Bihotz handiegia” (Susa) ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpena izan da: “Un corazón demasiado grande”. Bartzelonan egoitza duen Literatura Random House etxeak argitaratu du itzulpena.

Etxepare Euskal Institutuak atzo eman zuen jakitera ebazpena eta, zehaztu zuenez, itzultzaileek eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute.

Epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Hein batean auto-itzulpena izanagatik ere, epaimahaiak adierazi zuenez, «itzulpena ona da eta idazleak ez du aukera aprobetxatu beste bertsio bat egiteko». Izan ere, itzulpena jatorrizko obrarekiko leiala dela azaldu zuten, ez baitute «aldentzerik nabaritu». Argitaletxearen jokabideak ere paper garrantzitsua izan du obraren sustapen plangintzan; epaimahaiak plan hori trinkoa eta aberatsa izan dela nabarmendu du.