Oihane LARRETXEA

«OMBUAREN ITZALA», MEMORIA ARIKETA BAT AUZOLANEAN

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta obra pantaila handira eramateko asmoa agertu du Eguzki Art zinema ekoiztetxeak eta, erronka hori betetzeko, auzolan kanpaina bat jarri du martxan. Maiatzean hasi nahi dute «Ombuaren itzala» filmatzeko lanetan, 2022ko Zinemaldirako amaitua izateko.

Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 - Rosario, Argentina, 1910) bertsolariaren obra gaur egungo belaunaldien artean ezezaguna dela iritzita, eta horrekin atsekabetuta, Eguzki Art ekoiztetxeak film luze bat egiteko asmoa iragarri du, “Ombuaren itzala”. Bertan jaso nahi dute zizurkildarraren ondarea, izena eta izana. Patxi Bisquert aktoreak gidatutako proiektu hau aurrera ateratzeko, ordea, auzolana abiatuko dute, diru bilketa kanpaina bat, alegia.

Bisquert-ek GARAri adierazi dionez, horrelako egitasmoak bide edo molde arruntetan oinarrituz aurrera ateratzea oso nekeza da, ia ezinezkoa. Horrek bultzatu du ekoiztetxea bide alternatibo bat hartzera. «Zaila da horrelako proiektuak aurrera ateratzea, ‘autore zinema’ deritzona ez dago modan; are gehiago, hiltzear dago, egungo ekoiztetxe eta plataforma handiei ez baitzaizkie batere interesatzen horrelako istorioak. Horrelako gidoi bat zakarrontzira botako lukete», azaldu du atsekabetuta.

Eguzki Art zinema ekoiztetxearen lehenengo lana izango litzatekeenak bide luzea du aurretik, baina ilusioz beterik eta «gogotsu» daudela berretsi dute. «Film bat ekoiztea ez da gauza zaila, dirua baldin badago noski, baina Eguzki Art zinema ekoiztetxean hori da arazoa. Baina ausartak garenez eta herrigintzan konfiantza dugunez, herritarren eskuetatik babesa jasotzea espero dugu». Zizurkilen, egitasmoaren aurkezpenean aurreratu zutenez, diru bilketa 30.000 sarrera salduta egitea da asmoa, 10 euroan. Ekoizpenaren beste zati bat mezenasgo legearen bidez jasotzea da asmoa eta espero dute, aldi berean, dirulaguntza publikoren bat eskuratu ahal izatea.

Zizurkiletik Argentinara

Pello Mari Otaño Errekalde baserrian jaio zen, Zizurkilen, 1857an. «Bertsolari fina zen, eta bakana bere garaiko bertso tradizioan; oso-oso berezia edozein ikuspuntutik begiratuta. Poesia ere landu zuen eta 19 urterekin, azken karlistaldia amaitu ondoren, baporea hartu zuen lehen aldiz, ihes egiteko. Askok diotenez, soldaduska ez egiteko; intsumiso bat, beraz», kontatu du Bisquertek.

Argentinara alde egin zuen, baina lehen egonaldi hark ez zuen gehiegi iraun eta Euskal Herrira itzuli zen, baina hemen ere denbora gutxian gelditu zen. Berriro ozeanoa zeharkatu eta Argentinara bueltatu zen.

Urte batzuk dira proiektua abiatzen hasi zela, eta pixkanaka-pixkanaka emandako urratsekin heldu dira puntu honetara. Bisquertek ez du aipatu gabe utzi nahi izan, tristuraz, bidean galdu duen lagun bat: ekoizpen lanetan alboan izan zuen Juanba Berasategi.

Lana ez da dokumentala izango, fikziozko film luzea baizik, eta dagoeneko aktore batzuk aukeratuta daude. 60 bat pertsonaia pasatxo egongo direla aurreikusten dute, gehienak, hala ere, interpretazio laburrekoak. Paper garrantzitsuenak Otaño berarena eta gertuko senideenak izango dira. «Euskal Herrian hiru seme izan zituen, eta Argentinan, hiru alaba», kontatu du bitxikeria gisa. Momentuz aurreratu dutenez, Bisquert bera jarriko da Otañoren azalean. «Herrialde hura izugarri gustatu zitzaion, baita bertako arbola bat, ombua. Bigarren egonaldi hark iraupen luzea izan zuen, urte dezente pasa baitziren berriro, bigarrenez, etxera itzuli zen arte. Eta hor hasiko gara istorioa kontatzen. Azken arnasaraino eramango gaitu filmak, ziur aski Otañoren urte emankorrenak izan ziren azken hogei urte haietara, 1890etik eta 1910era artekoetara. Urte oso garrantzitsuak izan ziren gure gizartean. Foruak desagertzeak kalte izugarriak eragin zituen Euskal Herrian, gure ekonomia hankaz gora zegoen eta egoera politikoa ere aztoratuta zebilen. Industria guneetan ideia sozialistak indartuz doaz eta euskal abertzaletasuna gorpuzten hasten da», laburbildu du Bisquertek. 1899an Otañok azken baporea hartu zuen, eta hamaika urte geroago zendu zen, Argentinan.

Bisquerten hitzetan, «filmatzeko urte zoragarriak izan arren, gure zinegileen aldetik oso gutxi tratatu den aroa izan da».

Otañoren obra eta bizitza ahanzturatik atera nahi du proiektuak; horregatik belaunaldi berriei eskainitako tresna izatea du helburu. «Zenbat gauza eder utzi ditugun bidean! Tartean Otañoren koplak –dio–. Mutil-neskato koxkor guztiek kantatzetik ia ahanzturaranzko bidean dugu gaur egun, eta gauza tristea. Hori erreparatzera dator ‘Ombuaren itzala’, Otañok merezi duen ikusgarritasuna ematera dator, gure kulturan hain miretsia izan denari, herri honek zor dio».

Gaur egungo gazteen artean Otañoren obra eta bizitza ezagutaraztea den bide horretan, filma amaituta dagoenean eskola publikoaren sarean eskaintzea da asmoa, eta gutxienez 60.000 ikaslek ikusi ahal izango dute eskola orduetan. «Hau da guk aukeratu dugun bidea, hori da gauzak herrigintzan egitea, herriak inbertitzen duena herriari itzultzea».

Dena ondo bidean, filmatze lanak datorren apiril eta maiatz artean abiatu nahi dituzte, Argentinan, ondoren Euskal Herrian segitzeko. 2022ko Zinemaldirako amaituta egotea espero dute eta, bitarte horretan, bi urteko auzolan kanpaina bizirik mantentzea da erronka. Herriz herri sustatuko dute egitasmoa eta herri mailako jarraipen taldeak ere antolatuko dituzte.

Eta ixteko, azken bitxikeria bat: ez da hau izango Pello Mari Otañorentzat egiten den lehen auzolana, baizik hirugarrena. «Bere lehen liburua argitaratu ahal izateko, ‘Zerbait’ (1895) izenburua zuena, aurrez dirua bildu zuten lagunek eta ondoren inprimatu zuen Iraola argitaletxeak. Bigarren auzolana La Union Artesana elkarteko lagunen artean egindakoa izan zen. Diru bilketa antolatu zuten eta jasotako 800 pezeta haiei esker familiarekin joan ahal izan zuen Argentinara». Eta hura izan zuen azken bidaia.