Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Bizitza vs kapitala

Pandemia garaiotan, eztabaida publikoaren erdigunera jauzi egin dute lana eta zaintza uztartzeko zailtasunek. Afera horri hirugarren erpin bat gehitu dio Marina Sagastizabalek «Hiruki gatazkatsua»-n (Lisipe-Susa): aktibista ere izan nahi lukeen emakumearena.

Jule Goikoetxeari “lapurtu” diogu titularra, «bizitza vs kapitala» esanak bikain laburbiltzen baitu Marina Sagastizabalen “Hiruki gatazkatsua. Etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa” obraren atzean dagoen gatazka. Liburua Susa argitaletxeak argitaratu du Lisipe bilduma feministaren barruan, 8. alea jada.

Goikoetxearen hitzetan, liburuak zenbait galdera hartzen ditu abiapuntu gisa («Zergatik dago zaintza emakumeen esku? Zergatik egiten dute lan gehiago? Zergatik, lan gehiago egin arren, irabazten dute diru gutxiago?») eta fokua horien atzean dauden mekanismoetan jartzen du, eredu neoliberalak jositako oihala agerian utziz.

Funtsean, ikerlan akademiko bat dago argitalpenaren oinarrian. Bere tesirako, pandemia garaiotan pil-pilean den kontziliazioaren gai konplexuari hirugarren elementu bat gehitu nahi izan zion Sagastizabalek: militante soziopolitikoa ere izan nahi duen emakumearena. Hala, belaunaldi ezberdinetako emakumeak (25 eta 72 urte artean) elkarrizketatu eta hiru alor horien gurutzaketaz mintzatu ziren, zailtasunak identifikatu eta irtenbide indibidual zein kolektiboak mahaigaineratzeko.

Ondorio ugari erauzi zituen ikerketa hartatik, orain eremu sozialean “Hiruki gatazkatsua” izenpean aurkeztu dituenak.

«Sintesi lan potente bat egiten saiatu naiz. Asko hitz egiten den eta arakatzeko aukera asko ematen duen gaia delako, eta hau lehen hurbilpen gisa hartzea nahi nuke», argitu nahi izan zuen Sagastizabalek, eta, orain gaia pil-pilean badago ere, gatazka 80ko hamarkadatik datorrela argudiatu zuen, orduan jada hainbat soziologok “presentzia bikoitza” (lan merkatua eta etxeko zereginak uztartzeko zailtasuna) detektatu baitzuten: emakumeek lan baldintza kaskarragoak zituztela eta, besteak beste, horrek euren osasunean ere eragiten zuela frogatu zen.

Presentzia «hirukoitza»

Baina zer gertatzen da emakumeek euren auzo edo herrietan esparru sozialean eragin nahi dutenean? Bestela esanda, presentzia bikoitz horri parte hartze soziopolitikorako grina gehitzen diogunean? Aipaturiko elkarrizketen bidez, Sagastizabalek hiru alor horiek uztartzeko zenbait emakumek dituzten zailtasunak eta erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu ditu, baita horietan eragin zuzena duten faktoreak ere. Horietako bat denbora da: «Denbora eraikuntza sozial bat da», baieztatu zuen, eta denbora neurtu eta antolatzeko modua kapitalismoaren garapenarekin lotua dagoela nabarmendu zuen: «Balio duena zerbait produzitzen ematen dugun denbora da, eta hori tradizionalki oso maskulinizatua izan da, ulertu baita gizona dela etxetik atera eta produzitzera doana, fabrikara lanera». Azken urteetan zenbait gizon etxeko lanen eta zaintzaren eremuan sartzen hasiak badira ere aldaketak txikiak direla berretsi zuen, «jolasa eta aisialdiaren eremuetan sartu direlako, zaintzaren eremu atseginenean. Etxeko eguneroko zaintzan edo adinekoekin, aldaketa hori ez da ikusten», ziurtatu zuen Sagastizabalek.

“Hiruki gatazkatsua”-n lantzen duen beste gai garrantzitsu bat zaintza komunitarioarena da. «Asanbladak egiten ditugunean haurtzaindegi zerbitzua jar dezakegu, baina zer gertatzen da nik zaintzen dudana nire ama bada? Zerbitzu horretara ezin dut eraman eta, gainera, pertsona horrekin egoteko jakintza batzuk behar dira», nabarmendu zuen. Zerbitzu «duin eta unibertsalen» aldeko agertu zen Sagastizabal, eta horiek lortzeko zerbitzu publikoak birpentsatu behar direla esan zuen, eredu berriak eraiki. Izan ere, neoliberalismoak zaintza komunitarioa pribatizazioaren mesedetan erabil dezakeela ohartarazi zuen: «Tendentzia gero eta handiagoa dago konponbideak komunitarioa den horretatik etorriko direla pentsatzeko, baina hor bada beste afera bat: sistematikoki ulertu da zaintza, ongizate estatuko eremu hori, familiak bete beharreko zerbait dela. Zerbitzu publikoak geratzen dira osasuna edo hezkuntza bermatzeko, baina zaintza ez dago hor. Eta gertatzen da eremu horiek pribatizatzeko joeraren aurrean komunitatera jotzen dugula, baina neoliberalismoak hori baliatu dezake justu kontrakorako, pribatizazioa indartzeko».

Sagastizabalen hitzetan, beharrezkoa da instituzioetatik zaintzari lotutako beharrizanak bermatzea baina, aldi berean, zerbitzu horien eta instituzioaren beraren antolaketa birpentsatu beharko litzateke. «Erresidentzien kasuan, adibidez, langileek beraiek esaten dute ez dituztela euren bizitzako azken urteak egoitza horietan eman nahi. Eremu hotz eta burokratizatuak dira, eta beste zerbait pentsatu behar da, diru publikoarekin kudeatutako erresidentzia autogestionatuak, adibidez», egin zuen proposamena. Era batera edo bestera, zerbitzu duin eta kalitatezkoak izateko ereduak birpentsatu egin behar direla adierazi zuen.