GARA
BILBO

Indarkeria matxistaren biktimen 1.600 dei jasotzen dira Bizkaian

Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko eguneko 24 orduetan erabilgarri dagoen telefonoak 1.600 dei jasotzen ditu urtero Bizkaian, lurraldeko Foru Aldundiak atzo zabaldutako datuen arabera. Dei gehienak (%92,3) bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriarekin lotuta daude eta iaz, orotara, Bizkaitik 1.409 dei jaso zituen laguntzeko telefonoak, 1.001 emakumek egindakoak; hau da, hilean 117 dei batez beste.

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzu espezializatuak (900 840 111) urtero 1.600 dei inguru jasotzen ditu Bizkaian, lurraldeko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera.

Indarkeria-motaren araberako bereizketak erakusten du dei gehienak (%92,3) bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriarekin lotuta daudela. Gainerakoa oso antzera banatzen da sexu-indarkeriaren (%4,3) eta familia barruko genero-indarkeriaren (%3,4) artean.

Gertatzen da, datuek agertzen dutenez, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriarekin lotutako deien %65,1etan biktimak tratu txarren kontzientzia ertaina (%31,9) edo handia (%33,2) erakusten duela arreta ematen den unean, eta kasuen %63,1etan biktimek tentsio-uneetan deitzen dute; hau da, erasoa jasaten ari diren momentuan.

Iaz, orotara Bizkaitik 1.409 dei jaso zituen; hau da, hilean 117 dei. 2019an, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, dei kopurua %8,6 jaitsi zen; zehazki, 132 dei gutxiago erregistratu ziren. 2017an, 1.380 dei erantzun ziren Bizkaitik; urtebete lehenago, 1.764 dei jaso ziren, eta 1.632 dei izan ziren 2015ean. 2014. urtean 1.694 dei egin ziren eta aurreko urtean 1.748.

Bideratutako deiak

Iaz jasotako dei guztietatik, %39,5 Estatu espainiarreko (016) genero-indarkeriaren arloko informazio eta aholkularitza juridikoko telefono-zerbitzuak bideratu zituen. Zerbitzu horrek 1.009 dei jaso zituen Bizkaitik, eta horietatik %55,2 erkidegoko zerbitzura bideratu ziren, 557 dei hain zuzen ere.

Bestalde, jasotako deien arrazoiak erregistratzen ditu zerbitzuak, dei berean bat edo gehiago izan daitezkeenak. Iaz, deien %40,5ek arrazoi bakarra zuten, eta %59,5ek hainbat arrazoi. Bi kasuetan, arrazoi aipatuenak telefono bidezko laguntza eta jarraipena, informazioa eta orientazioa izan ziren.

Batzuetan pertsona berak hainbat dei egiten ditu zerbitzuan; hala, iaz erregistratutako 1.409 deiak 1.001 pertsonak egindakoak izan ziren. Aurreko urtearekin alderatuta, 29 pertsona gehiago zenbatu ziren.

2006. urtetik zerbitzuarekin harremanetan jarritako hamar pertsonatik bederatzi emakumeak dira. 2019an kontsultaren bat egin zuten pertsonen banaketa aurreko ekitaldiko berbera izan zen: %65,9 indarkeria matxistaren biktimak ziren; %26,6, emakume biktimen hurbileko edo familiakoak; eta %7,5, profesionalak.

Nafarroako sexu langileak babestea eskatu dute

Nafarroako Munduko Medikuak erakundeak Nafarroako Gobernuari gogorarazi zion behartuta dagoela sexu-esplotazioa helburu duten emakume prostituituen eta/edo salerosketako biktimen eskubideak babestera, haien egoera «modu esponentzialean okertu baita pandemia hasi zenetik», nahiz eta klubak eta sexu langileak jarduten duten pisuak itxi ziren.

Erakundeak dio prostituzioan ari diren emakumeen egoerak «oso muturrekoa izaten jarraitzen duela, gehienak egoera administratibo irregularrean daudelako edo erroldatzeko zailtasunak dituztelako».

Nafarroako Gobernuari eskatzen dio sexu langileen «errealitatera egokitutako erantzuna» eman dezala, «eraginkorra izango dena, oinarrizko eskubideak bermatzeaz gain, indarkeria matxistaren biktima gisa dagozkienak ere bermatuta egon daitezen, 14/2015 Foru Legean aitortzen den bezala». Gainera, prostituzioa deuseztatzeko eta sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa errotik kentzeko eskatu zuen.GARA