Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Zer egin dilema morala denean

Proposamen tentagarria jasotzeak dilema zabalduko du, zuzenaren eta okerraren artean. Ekintza guztiek baitituzte ondorioak. Arriskatzeko prest ote gauden da kontua. Iñaki Irasizabalek ekintzak baino, zergatiak arakatzen ditu «Arrakastaren aparrak» (Elkar) nobelan.

Nork nor hil duen baino, interesgarriagoa iruditzen zaio Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) egileari atzean dauden arrazoietan arakatzea, pertsonak gauza ilunak, batzuetan legeaz harago dauden ekintzak, egitera zerk bultzatzen dituen argitzea. Horrek, bere ustez, ondo definitzen baitu nolakoa den gutako bakoitza. «Estutasun batean jarri eta nola erantzuten duen ikusi, horrek esango dizu nolakoa den gizakia» esaldiarekin irekitzen du idazleak bere azken lana, “Arrakastaren aparrak” (Elkar).

Protagonistak ez du izenik (ahotsa baino ez), baina hori gutxienekoa da, zer gertatzen zaion eta zer erabaki hartuko dituen baita benetan axola duena. Ezkonduta dago eta alaba txiki bat du. Bizimodu lasaia dute, zorionekoak dira… bere bidean Lujuan izeneko gizon bat gurutzatzen den arte. Erretiroa hartuta dago eta 90eko hamarkadan, telezaborraren aroa deitutakoan, ekoiztetxe bateko negozio gizona izandakoa da. Tratu batekin hurbilduko zaio, proposamen ilun batekin. Antza, ez da legez kanpokoa, eta badirudi inori ez diola kalterik eragingo. Onartuz gero, trukean diru asko jasoko luke, asko. Eta hori da dilema, ongiaren eta gaizkiaren bidegurutzean jarriko dituen dilema zaila… eta ondorioz betea, ekintza oro bezala. Izan ere, zer ekintzak ez du kosturik?

Emaztea ezezkoan dago, baina protagonistak zalantzak ditu. Eta horrela, ezinbestean, Irasizabalek irakurlea egoera horretan zer egingo lukeen pentsatzera eramango du.

Nobela laburra da, eta orain arte egin dituen polizia-eleberrietatik zerbait aldentzen dela aurreratzen du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Gehiago kokatzen du nobela beltzean. «Delitua nork egin duen baino, niretzat garrantzi handiagoa du zergatiak, eta horren inguruan dauden beste erantzunak topatzeak», azaldu du egileak liburuaren aurkezpenean.

Mendigurenen aburuz, “Arrakastaren aparrak” liburuaren «bertuteetako bat da dilema moral batzuen aurrean jartzen gaituela. Sartu egingo dira bete- betean eta gauzek, sinpleak diruditen arren, konplikazioak ekarriko dituzte. Eta nobelaren arrazoietako bat hori da, beti dagoela hanka sartzeren bat, beti dagoela okerreko erabakiren bat».

Tentsioz beteriko nobela da. «Abiadura hartzen doa eta apustuak igo egiten dira egoera oso bortitzak gertatu arte». Soka tenkatuz doa, pixkanaka. «Gauzak lasai hasiko dira, baina zerbait gertatuko da. Hori da katalizatzailea, martxan jartzen du ekintza soka bat eta hortik aurrera protagonistek beren bizitzaren kontrola erabat galdu eta delituen artean mugituko dira». Istorioa familia-harremanei buruz eta kazetaritzaren munduan dauden argi-ilunez mintzatzeko aitzakia ere bada.

Iraganean telebista saioak ekoizten «sekulako arrakasta» izan zuen Lujua negozio gizonaz aparte, berebiziko garrantzia izango du protagonistaren emazteak ere. Hala ere, Irasizabalek azpimarra bi pertsonaia bereziri jarri die: Irati, oraindik hitz egiten ikasi ez duen alaba txikia, eta “Rubixo” txakurra. Ez batak ez besteak ez dute ikusten duten guztia kontatzeko gaitasunik, eta hor dago koxka. «Guztiari begirada objektiboa emateko gai diren bakarrak dira. Horrelako pertsonaiak oso baliagarriak egiten zaizkit, tresna interesgarria dira».

Idazketa bizia, mekanikoa

Azkar, erritmo bizian, ondutako lana da. Hiru hilabetean idatzi omen du, egunero eszena edo pasarte bat. Nahiko urduria dela aitortu du, eta horrek eragina duela idazketa prozesuan. «Batzuetan ahalegindu naiz egunean gehiago idazten, baina nire kasuan eszena bat osatu dut eguneko, oso teknikoa naiz». Idazten jarri aurretik istorioa garatzen du, baina beti tarte bat uzten du «erabaki gabe» idazkeraren joanean osatzeko. Durangarraren ustez, «intentzio batekin idazteak pieza guztiak txertatuta izatera bultzatzen zaitu. Nik egitura bat egiten dut eta idazten hasten naizenerako istorioa ezagutzen dut».