Asier AIESTARAN
Giroa

Hindley irabazle, Kelderman lider eta Pello Bilbao ikusgarri

Sunweb taldeko australiar gazteak irabazi zuenStelvioko etapa ikusgarria, eta Wilco Kelderman beretaldekidea da lider berria, baina aldeak oso estuakdira. Pello Bilbao, esaterako, laugarren dago 1:19ra.

Afizioa egiten duten etapa horietakoa izan zen Giroko hemezortzigarrena; 207 kilometro Pinzolo eta Laghi di Cancano artean, ibilbidean Stelvio handia igoz. Asko espero zen etapa horretatik, eta ikusitakoa edonor asebetetzeko modukoa izan zen: oilarren arteko borroka urrutitik, bakarkako borroka gainera, lider aldaketa sailkapen nagusian eta txirrindulari euskaldun bat punta-puntan, Pello Bilbao. Gernikarrak sekulako etapa egin zuen, hirugarren izan zen helmugan, eta sailkapen nagusian laugarren kokatu da Kelderman lider berriarengandik 1:19ra, podiumaren borrokan bete-betean sartuz.

«Hementxe nago, Tourretik etorri eta Giroko hirugarren astean aurrean. Hiru egun falta dira eta amaierara arte zentratuta egon behar dugu ahalik eta emaitzarik onena eskuratzeko», adierazi zuen bizkaitarrak etapa amaieran. «Domen Novaki eskerrak eman nahi dizkiot, une batean etapa salbatu didalako. Ez daukat hitzik bere laguntza eskertzeko. Taldeak nigan sinesten du eta horrek bereziki motibatzen nau», gaineratu zuen.

Lider berria Wilco Kelderman herbeheretarra da, baina sailkapenean oso alde txikiarekin eta asko sufrituta. Izan ere, Sunweb taldeko liderrak 12 segundoko aldea besterik ez dio ateratzen Jay Hindley bere taldekideari, hain zuzen ere atzoko etapa irabazi zuen australiarrari, eta 15ekoa Tao Geoghegan Hart britainiarrari, etapan bigarren egin zuen beste ziklista gazteari.

Rohan Dennisen txikizioa

Etapa Stelvioko lehen kilometroetan apurtu zen, helmugarako 50 kilometro baino gehiago falta zirenean. Sunweb taldeak erritmo bizia ipini zuen azpi-azpitik, eta Joao Almeida liderra nahiko hasieran geratu zen atzean, bere indarrak neurtu behar zituela jakitun.

Baina benetako txikizioa eragin zuena Ineos taldeko Rohan Dennis izan zen. Australiarrak sekulako igoera egin zuen Stelvio beldurgarrian, eta ia faborito guztiak atzean uzten joan zen banan-banan. Baita Wilco Kelderman bera ere, oraindik gaina harrapatzeko zortzi kilometro falta zirenean.

Dennisen gurpilari jarraitu ahal izan zioten bakarrak Tao bere taldekidea eta Hindley izan ziren. Eta mendate gainean 45 segundoko aldea ateratzen zioten Keldermani, 1:40koa Pello Bilbao eta Jakob Fuglsangi, eta 3:36koa, Almeidaren taldetxoari (Majka, Konrad, Masnada eta Pernsteinerrek osatua).

Baina Rohan Dennisen erakustaldia ez zen hor gelditu. Laghi di Cancano igotzen hasi aurreko kilometroetan sekulako lana egin zuen eta aldeak handitu egin zituen, erlojupekoetan erakutsi ohi duen gaitasun horri esker. Kelderman, esaterako, 1:45 galtzen zihoan azken mendatea igotzen hasterako.

Pello Bilbao, atzetik aurrera

Azken mendate horretan Tao Geoghegan bera izan zen aurreko bikotean erritmoa jarri zuena, Hindleyek Kelderman taldekidea zuelako atzetik. Eta Taok egindako lan guztiari zukua atera zion australiarrak helmugan, esprintean azkarrago ibili eta etapa garaipena eskuratuz.

Atzetik, aldiz, Pello Bilbao izan zen sekulako igoera egin zuena. Fuglsangekin batera, lehenik, Kelderman harrapatu eta pasatu zuen, eta helmugarako sei kilometroren faltan Fuglsang atzean utzi, eta bakarrik joan zen aurrera, aurreko bikotearengana asko hurbilduz.

Honi buruzko guztia: Giroa