GARA
TRIPOLI

Libiako bi aldeek berehalako su-eten iraunkorra sinatu dute NBEren ekimenez

Nazio Batuen gidaritzapean Genevan bost egunez negoziatu ostean, nazioarteak aitortzen duen Libiako Gobernuak eta Jalifa Haftar mariskalak su-eten iraunkorra, nazionala eta berehalakoa sinatu zuten atzo. Haftarrek Egiptoren, Errusiaren eta Arabiar Emirerri Batuen sostengu militarra du. Fayez al Sarrajen esku dagoen Akordio Nazionaleko Gobernuak, berriz, Nazio Batuen eta Turkiaren aitortza du. «Egun pozgarria da Libiako herriarentzat», adierazi zuen Stephanie Williams Libiarako Nazio Batuen Manul misioaren buruak. Negoziazioetan bitartekari gisa aritu da Williams.

Su-etenak herrialde osoan izango du eragina Williamsen hitzetan, eta berehala jarriko da indarrean. Hala, unitate guztiek euren base militarretara itzultzeko agindua dute. Era berean, hiru hilabeteko epean, indar atzerritarrek eta kanpoko mertzenarioek herrialdetik atera beharko dute. «Bi aldeak zoriondu nahi ditut Genevan lortutakoagatik. Libiaren onura bilatzea eta herritarren oinazearekin amaitzea helburu bildu zarete hemen, eta ausardia behar da hori egiteko. Etorkizun hobe bat lortzeko asmoz bilerak egiteko azaldu duzuen konpromiso handiagatik ere zoriondu nahi zaituztet», nabarmendu zuen Nazio Batuetako mandatariak.

Ildo horretan, bi aldeek elkarrekin izandako begirunea eta jarrera profesionala txalotu zituen Williamsek. «Primeran ezagutzen duzue Libia, eta nor zuek baino hobeto bakea eraikitzeko urrats onenak zeintzuk diren erabakitzeko. Espero dut hurrengo belaunaldiak akordio honen garrantziaz jabetzea eta Libian bertan zein kanpoan dauden errefuxiatuak etxera segurtasunez itzuli ahal izatea».

Erdoganen zalantzak

Bi aldeek balorazio positiboa egin zuten akordioaz. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, berriz, mesfidati agertu zen. «Akordioa ez da lortu bi aldeetako goi mailako ordezkariekin. Ez zait su-eten sinesgarria iruditzen. Horren berri soilik prentsan izan dugu», esan zuen.