Amalur ARTOLA
BILBO
Elkarrizketa
MARIA RIVERO
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEKO KULTUR TEKNIKARIA

«Sortzaileentzat plazak bilatu eta jendea horietara bideratu behar da»

Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak bere burua berrasmatu eta eredu berria proposatu du 21. ediziorako: puntako hiru kontzertu grabatu ditu Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak-ekin Bizkaiko museo banatan eta jaialdiaren webgunean jarriko ditu ikusgai. «Udagoieneko Ostera Hegan» izenarekin datorren edizioko esperientziak etorkizuneko ereduan eragina izango duela dio Maria Riverok.

“Udagoieneko Ostera Hegan” izenpean, bizi dugun garaiari egokituta eta erronka berriei ateak irekiz dator Bizkaiko kultur zirkuitua. Sarera jauzi egin eta bere webgunearen bidez (www.udagoienekoostera.eus) euskal nortasunaren ikur diren espazioetan grabatutako hiru kontzertu eskainiko dituzte, akustikoan. Azaroaren 13tik 15era, Eñaut Elorrietak Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan grabatu duena ikusi ahalko da; azaroaren 20tik 22ra, Zea Maysek Muskizeko El Pobal burdinolan eskainitakoa; eta, zikloa ixteko, azaroaren 27tik 29ra, Izaki Gardenak ikusi ahalko da Bermeoko Arrantzaleen Museoan.

Badira bi hamarkada Udagoieneko Ostera kultur zirkuitua abiatu zela. Zer helbururekin jaio zen eta zertan aldatu da ekimena sorreratik hona?

Udagoieneko Ostera euskal sorkuntza kalera ateratzeko nahitik sortu zen. Euskal kulturari eta sorkuntzari loturiko emanaldiak programatu izan ditugu Bizkaiko aretoetan eta, batez ere, sortzaileak ezagutzera ematea izan da helburua. Euskal kultura ezagutarazteko beharra zegoen: herritarrok ezagutu behar dugu zer egiten den gure herrian, ez baduzu ezagutzen ez duzulako maitatuko. Oso garrantzitsua da euskal kulturan sortzen diren horientzat plaza ezberdinak bilatu eta jendea horietara bideratzea.

Egoerak hala behartuta, 21. edizioan buelta bat eman behar izan diozue ohiko formatuari. Zer proposatuko duzue?

Aspaldi genbiltzan Udagoieneko Osterari buelta bat eman nahian. Azkenean hogei urte dira eta hori berme bat da, baina errealitatea asko aldatu da azken hogei urteotan eta programa egokitu beharra ikusten genuen. Horretan genbiltzala iritsi zen pandemia, baina martxan jarraitu eta, bai ala bai, Udagoieneko Ostera egin egingo zela erabaki genuen. Euskal kultura kalera ateratzeko momentua dela uste dugu, beharra dagoelako eta itxialdiak erakutsi digulako zer-nolako garrantzia duen kulturak bai gizartearentzat eta baita norbanakoarentzat ere.

Udagoieneko Ostera Hegan-eko formula irudikatu genuen orduan: gure historiarekin eta ondarearekin lotura duten hiru lekura hiru euskal talde eramatea. Hiru kontzertu akustiko berezi grabatu ditugu eta postprodukzio lana handia izan da, emaitza zaindu nahi izan dugulako, kalitatezkoa izan zedila.

Kontzertuetarako hautatu dituzuen espazioek izaera berezia dute. Zergatik hiru hauek?

Euskal sortzaileak garrantzitsuak dira guretzat, haiek jartzen ditugu programaren erdian une oro, baina museoek, lekuek, historiak ere badute lekurik. Uste dut Udagoieneko Ostera Hegan-ekin gure helburuak biderkatu egin ditugula, euskal sortzaileak etxe guztietara –edo nahi dutenetara behintzat– eramateaz gainera, Bizkaiko hiru museo, hiru leku eder ezagutzeko aukera ere egongo delako.

Programa bera birpentsatzen ari zinetela esan duzu. Formatuak funtzionatuko balu, etorkizuneko edizioetan izango luke lekurik?

Buelta handia eman diogu, aldaketa asko izan dira eta guk ere balantze bat egin beharko dugu, baina susmoa dugu benetan itzela izango dela, kalitatezko hiru kontzertu direlako, oso bereziak, leku apartetan grabatuak eta uste dugu jendeak oso ondo hartuko dituela.

Gure asmoa beti izango da euskal sorkuntzak kalera ateratzea, eta egia da formatu honek beste publiko bat erakar dezakeela ikusten dugula, izan museoa ezagutu nahi duena edo Muskiz edo Balmasedako herritarrak, kontzertua kuriositateagatik ikusiko dutenak, adibidez. Uste dut kontzertura joango ez litzatekeen publiko bat hurbilduko zaigula. Eta, kontrara, kontzertura hurbilduko liratekeenek museo eta herri horiek ezagutzeko aukera izango dute.

Bukatzeko, iaz hogei urte bete zenituzten. Zer balantze egiten duzue eta zer erronka dituzue etorkizunera begira?

Hogei urtez zirkuitu bat mantentzea oso zaila da, hor dago gure lanaren bermea. Urteotan gauza asko aldatu dira, euskal kultura bera, plazak, kontsumitzeko moduak.... Eztabaida asko izan ditugu urteotan, eta helburu berriak finkatzen joan gara. Hori egin dugu, eta hori egiten jarraituko dugu; orain pandemia tokatu zaigu, baina izan dira bestelakoak eta etorriko dira gehiago ere etorkizunean. Euskal kulturak beti du lekua, eta gure helburua beti izango da egiten den hori ezagutaraztea.