Andoni ARABAOLAZA
DOLOMITAK

«Space vertigo» bideak ate berria zabaldu ote du Dolomitetan?

Alessandro Bau, Claudio Migliorini eta Nicola Tondinik Lavaredoko Cima Ovest gailur ikusgarrian irekitako marrak soilik bileretan ditu paraboltak. Uda amaieran jarri zioten puntu gorria 21 luze dituen proposamen berriari. Bidearen giltza zeharkaldi arriskutsu bat da: 8a.

Lavaredoko Cima Ovest aipatzen dugunean, zalantzarik gabe dituen sabai erraldoiak geure buruetan iltzatuta geratzen dira. Hain zuzen ere, sekzio horietan hormatzarraren bide gogorrenak zabaldu eta kateatu dira: “Bellavista”, “Pan aroma”, “Project fear”, “Alpenliebe”... Horiek guztiak oso estilo onean sortutako zailtasun handiko proposamenak dira.

Joan den udaran, berriz, marra horiek “kide” berri bat ezagutu dute. “Space vertigo” du izena. Berez, 2016 eta 2019 artean ireki zen; hots, hiru urteko epean. Baina puntu gorria joan den irailaren 19tik 22ra eginiko jardueran jarri zen. Baina nortzuk ote dira protagonistak? Bada, Alessandro Bau, Claudio Migliorini eta Nicola Tondini italiarrak.

Proposamen berria aurkeztu bezain laster, eskalatzaileen komunitateak honako galdera luzatu zuen: “Space vertigo”-k ate berria zabaldu ote die Dolomitetan egiten diren jarduerei? Galdera mahai gainean dago.

Bau, Migliorini eta Tondinik oso-oso berezia eta azpimarratzekoa den aktibitatea egin dute. Fisikoki zein mentalki asko eskatzen duena; hots, ziur aski eskalatzailea muturrera eramaten duen jarduera baten aurrean gaude. Protagonista italiarrok hiru urte behar izan zituzten 21 luze dituen marra hori zabaltzeko. Baten batek esango du denbora luzea dela bide bat zabaltzeko. Bada, baina aipatu behar da eskalatzaileok behetik ireki dutela bidea eta librean jardun dutela. Gainera, luze guztiak garbi daude. Hots, ez dute parabolt bat bera ere. Soilik bileretan jarri zituzten. Beraz, beren buruak babesteko friend-ak, fisureroak eta iltzeak erabili zituzten.

Asko kosta zitzaien “Space vertigo”sortzea. Bai, baina kontuan hartu behar da hasiera-hasieratik zailtasun tekniko handiekin topo egin zutela. Iragan udaren amaieran “Space vertigo”-ra itzuli ziren; izan ere, proiektua biribiltzeko puntu gorria jarri behar zioten. Azkenean, lortu zuten. Irailaren 19tik 22ra, lau egunez lan eskerga egin eta gero, 21 luzeak askatu zituzten. Erabat garbia den hormatzarrean zailtasun tekniko handiak gainditu zituzten. Protagonistek diotenez, bidearen giltza zeharkaldi arriskutsu bat da. Bada, zeharkaldi horrentzat 8a zailtasuna proposatu dute. Baina, oro har, “Space vertigo” osoa da gogorra. Zailtasunean iraunkorra da: bost luze 7c/+ mailakoak, zortzi 7a+ eta 7b+ artekoak eta beste zazpiak zailtasun klasikokoak.

“Couzy” marraren eskuinaldean den bide independente berria (“Alpenliebe”-rekin bilera bat partekatzen du), estilo bikainean zabalduta dago. Zailtasun tekniko eta arrisku handiko marra da: «Horregatik jarri diogu ‘Space vertigo’ izena. Ez dugu zalantzarik: bide berri hau irekitzea sinestezina izan da. Etika, beldurrak eta poztasuna partekatu ditugu. Duela urte batzuk, itxi dugun proiektua ez zen geure buruetan. Cima Ovesten izaera honetako bide bat zabaltzea pentsaezina zen. Baina, hasi ginenan, argi eta garbi genuen estilo onenean saiatuko ginela. Emaitzarekin oso gustura geratu gara; izan ere, inoiz zabaldu dugun bide zailena da».

Lau egun

Eroria duen hormatzar batean zailtasun tekniko iraunkorrak, arriskua eta estilo bikaina uztartzen ditu proposamenak. Azken eite horri dagokionez, italiarrok onartu dute estiloari garrantzi handia eman diotela: «Cima Ovest zein Cima Grande gailurretan dauden bideen historiari begiratzen badiogu, konturatuko gara era artifizialean zabaldu zirela. Marra modernoak iristean, paraboltak agertu ziren. Baina bideetako batzuk era librean ireki ziren. Antza, bi alternatiba horiek ziren murruak eskaintzen zituen aukera bakarrak. Gure helburua, jakina, behetik hasi eta era artifiziala erabili gabe proposamen berri bat sortzea izan da. Hots, era librean baina paraboltak erabili gabe. Estilo hori beste hormatzar batzuetan ere indarrean jarri dugu, baina izaera honetako murru batean ez genuen uste egokia izango zenik».

Arestian aipatu dugunez, 2016an lehen urratsa egin zuten. Horma tente horren aurrean jarri eta soilik zer egin behar zuten ulertzen saiatzera abiatu ziren. Ekinaldi horretatik zalantza askorekin itzuli ziren. 2018an eta 2019an, bestalde, jarrera irmoarekin joan ziren, baina zalantzak ez ziren desagertzen. Alabaina, “Space vertigo” zabaltzeko aukera izan zuten.

Lavaredoko horma ikusgarrian horrelako jarduera bat aurrera eraman ahal izateko, protagonistok argi zuten hiru kidez osatutako sokada zela egokiena: «Une zailetan lekukoa beste batek hartzen zuen, eta motibazioari eusteko hiruron lana funtzeskoa izan da. Adibidez, bigarren (7c+) eta laugarren (8a) luzeen amaierak giltza izan ziren. Azken hori sabai baten azpian egiten den zeharkaldi arriskutsua da. Eroriko bakoitzaren ondoren, jumarrekin igo behar genuen azken babeslekura itzultzeko. Beste une zail batzuk zazpigarren, hamabigarren, hamahirugarren eta hamalaugarren luzeetan bizi izan genituen. Izan ere, azpitik begiratzen badituzu, badirudi ezinezkoa dela paraboltik erabili gabe luzeok eskalatzea. Baina probatzen ari ginela, ohartu ginen proiektuaren arrakasta gero eta gertuagoa zegoela».

Bideak duen konpromisoari edo arriskuari dagokionez, Migilorini, Bau eta Tondinik baieztatu dute marra berriak asko eskatzen diola eskalatzaileari. Saiatzen den orok argi izan behar du energia asko xahutu beharko duela. «Denera, ‘Space vertigo’ zabaltzeko hamabi egun behar izan genituen. Eta horietan guztietan bazirudien borroka ez zela inoiz amaitzen. Paraboltak erabili izan bagenitu, oztopo bat baino gehiago aise gaindituko genuen. Geure buruak babesteko komeriak pasa genituen, une jakin batzuetan ez zen batere erraza friend-ak edo fisureroak era seguruan jartzea. Egoera horiek ia luze gehienetan gertatu zen. Tricam batzuk erabili ditugu, eta, datozen errepikatzaileentzat, batzuk paretan itsatsita utzi ditugu. Beraz, lasai esan dezakegu arrisku berezirik ez dugula hartu».

Puntu gorria jartzeko, berriz, “Space vertigo”-n sei aldiz izan dira. Alessandro Bau izan da ekinaldi gehien egin dituena. Luze gogorrenak ondo aztertu eta emaztearen laguntzarekin logistika guztia bikain antolatu zuen: «Azken saioan hirurok jardun genuen. Hamalau luze gogorrenetatik zortzi ezagutzen genituen. Eta lau egunetan jo eta su jardun genuen luze guztiak erabat askatu arte. Erronka handiena lehen egunean izan genuen, besteak beste, hezetasun handia zegoelako eta haizerik ez. Eta hori batez ere lehen sei luzeetan gertatu zen. Behin eta berriro erortzen ginen, eta, azkenerako, leher eginda bukatu genuen. Egun horretan soilik lehen hiru luzeak askatu genituen, eta ez guk aurreikusi bezala lehen zortziak. Nekeak eta generaman erritmo motelak motibazioan eragina izan zuten. Baina biharamunean gauzak beste era batera ikusten dira. Talde lana izugarria izan zen! Jarduera honekin uste dugu Dolomitetan ate bat zabaldu dugula. Etorkizuna hori da, eta abentura ziurtatuta dago».