Mertxe Mugika Balanzategi
AEKkidea
GAURKOA

22. Korrikaren zain bai, baina bitartean, ekin!

Azken hamarkadan, bi urtean behin, azaroaren bueltan, AEKren agerraldiaren zain egon ohi gara euskaldunok. Izan ere, orduan ezagutarazten dituzte AEK-ko kideek Korrikaren leloa, mezua eta omendua(k); eta horrekin batera, non hasi eta non amaituko den euskararen aldeko ekimen handienetarikoa eta maitatuena. Agerraldian, antolaketan emandako urtebeteko lanak izan duen emaitza gizarteratzen da, eta hurrengo sei hilabeteetan zer esan handia izango duen sustapen kanpaina erraldoiaren hasiera izaten da. Udazkenaren erdialdian ematen zaio hasiera, hortaz, udaberrian loratuko den euskararen aldeko aldarriari.

22. Korrikaren atarian gaude, eta, ohiturari jarraituz, agerraldia antolatu du AEK-k, baina oraingoan albistea bestelakoa izan da: pandemiaren erdian egonda, ezinezkoa da orain arteko ekitaldien ezaugarriak leuzkakeen Korrika bat antolatzea. Ez dugu nahi izan “ez Korrika” bat antolatzerik; erabaki latza, benetan, baina hartu beharrekoa. 2021eko udaberrian ez gara kalera aterako, ez da entzungo «tipi- tapa, tipi-tapa... Korrika!».

Covid-19ak ekimen asko bertan behera uztea edota moldatu beharra ekarri du. Zerrenda luzea da: ikastolen jaiak, eskola publikoaren jaiak, bertso finalak... Era berean, ezohiko Durangoko Azoka egitea eta Plateruena antzokiak ateak zarratzea eragin du pandemiak. Bata bestearen atzetik, zerrenda luzatuz etengabe, gogor astindu gaitu, euskara eta euskal kulturaren zoritxarrerako. Lehendik burua altxatu ezinik, eta orain gero eta burumakurrago.

Korrikaren kasuan, esan beharra dago euskararen aldeko lasterketa erraldoi bat izateaz gain, bi helburu garrantzitsu eta ezinbesteko betetzeko sortu zela: AEKrentzako baliabide ekonomikoak lortzea eta euskara sustatzea.

Baliabide ekonomikoei dagokienez, bada, kolpea izango da AEKrentzat Korrika geroratu beharra, hori ukaezina da. Hainbeste urteren ondoren, oraindik ere gure jarduera Euskal Herrian bete ahal izateko beharrezkoa dugu Herriak ematen digun babes ekonomikoa. Eta baliabide horiek ez dira soilik gure lan baldintzak hobetzeko, izan ere, ezinbestekoak ere badira gure misioa betetzeko: Euskal Herria euskalduna izatea, Tuteratik Baionara, Elorriotik pasatuta. Hala ere, larre motzean bizitzen zailduta gaudenez gero, egingo diogu aurre diru eskasiari. Aurre egiteko gai izango garelakoan nago, jakingo dugu errealitate “anormal” honetara egokitzen, horretarako indarra eta bokazioa badugulako. Milaka ikaslek bete dituzte gure euskaltegiak, agian ez guk nahi genuen beste, baina etorri dira, eta gu pozik, segurtasun neurri guztiak hartuta euskara praktikoa irakasten ari garelako.

Gainera, esango nuke baliabideak ziurtatzea ez dagokiola zuzenean Herriari; baliabideak izango ditugula ziurtatzea administrazioei dagokie eta, egiari zor, egoera asko hobetu bada ere, oraindik bide luzea gelditzen da euskararen industrian ari garenon prekaritatea gainditzeko. Pandemia etorri baino lehen ere baliabide gehiagoren beharrean geunden, behin baino gehiagotan esan dudan bezala euskarak duen birusik handiena zaurgarritasuna baita.

Bigarren helburuak, sustapenak, gehiago kezkatzen nau. Korrikak barreiatu izan dituen mezuek jendea euskarara batzea izan dute helburu; finean, jendea eta ekimen gogoa batzetik datorkigu indarra. “Euskahaldundu” leloak bide bat zabaldu zuen, ahalduntzea aldarrikatu genuen, eta Korrika bukaeran Lorea Agirrek utzitako mezutik tiraka etorri ziren ahalduntze ariketak: Euskaraldiko “entrenamenduak” ezagutu genituen, eta euskaldunok bagara nor esaten hasi ginen.

Nola ahaztu Santiagoko Zubiko argazki hura? Lehenengo aldiz egin genuen Korrika elkarrekin euskalgintzako eragileok, administrazio nagusietako ordezkariekin bat. Elkarri eskua emanda lekukoa pasatu genuen; argazki historikoa, mugak apurtu genituen, elkarlanerako giroari hauspoa eman genion. Handik gutxira, Euskaraldiko lehen edizioa aurkeztu zen, mugarria jarriko zuen beste argazki bat.

Eta hor ditugu, bestalde, azken Korrikak utzitako Klikak, Albaolako eta Bastidako Klikak, non askotariko eragile eta administrazioek argazki batetik haragoko konpromisoak hartu zituzten euskararen normalizazioari begira.

AEK-k Korrikari esker bide berriak egin ditu; elkarlanerako bideak hain zuzen ere. Azken urteotan Korrika gero eta anitzagoa izan da, eta euskara heltzen ez zen gunetara ere heldu da. Mezuak landuak, inklusiboak eta zurikeriarik bakoak izan dira.

Nire ustez, sustapen lanak ezin du atzerapenik izan. Euskara plazatik desagertu den honetan, arrakala linguistikoa inoiz baino nabarmenago geratu den honetan, ezin gara geratu 2022an Korrikak hedatuko duen mezuaren zain. Bidean asmo eta proiektu asko daude, guztion artean elikatu, bultzatu eta babestu behar ditugunak. Euskaraldia, esaterako, ate joka dugu; elkarlanean burutuko dugu ekimen hau ere, baina gehiagoren beharrean gaude. Eta bide horretan, hor dago arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko plana, tiradera batean geratu ezin dena. Ariguneen jarraipen egokia egiteko baliatuko ote dugu? Nahiko nuke, bai!

Arlo askotan ezin gara egon hurrengo Korrikaren olatuaren zain. Eskoletan, adibidez, ohartu dira arrakala linguistikoari buelta emateko beharra dagoela. Argi dago, baina: aldarrikapen guztiak ez daude Korrikaren esku. Guk geuk, norbanako, entitate eta eragileok eramaten dugu euskara etxeetara, lantokietara, lagunen artera... Euskaraz idatzitako liburu baten alde egiten dugunean, albisteak euskaraz irakurri edo entzuten ditugunean ere euskara zabaltzen ari gara.

Duela Korrika batzuk euskahaldundu zirenak, edota azken Korrikan klik egin zuten horiek guztiak badira nor, bagara nor, sistema eragilean klika egiteko, eta nor izateko euskahaldundu behar dugu guztiok.

Itxaronaldia luzea egingo zaigu Korrikaren zaleoi, baina tartean badugu zer egin. Euskararen partida irabazteko ezin gara egon 22. Korrikaren zain. Ekin!