GARA
BILBO

15.000 langabe gehiago Euskal Herrian azken hiruhilekoan

Urteko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %9,8koa da uneotan, aurreko hiruhilekoan baino 0,56 puntu handiagoa, Gaindegiak atzo jakinarazi zuenez INEk eta Inseek kaleratutako datuak kontuan hartuta. Guztira, 145.200 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 15.000 lagun gehiago.

Euskal Herrian 145.200 langabe daude urteko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, aurreko hiruhilekoan baino 15.000 gehiago, Gaindegiak atzo jakinarazi zuenez. Langabezia tasak pixka bat egin du gora (0,56 puntu) eta uneotan %9,8koa da.

Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera ezberdinak izan ditu lurraldez lurralde. INEren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, nabarmen egin du gora Gipuzkoan (1,95) eta Bizkaian (1,01), eta apalago Araban (0,23). Nafarroan, aldiz, 0,14 puntu jaitsi da. Beherakada handiagoa izango da Iparraldean Gaindegiak aurreratu duenez, udako sasoiari loturiko enpleguari Hego Euskal Herrian baino hobeto eutsi baitzaio bertan.

Oraindik urrun

Hego Euskal Herriari erreparatuta, uztailetik irailera aurreko hiruhilekoan galdutako lanpostuen bi herenak berreskuratu zirela azaldu du LAB sindikatuak. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 28.800 pertsona gehiago aritu ziren lanean, gehienak emakumeak. «Bilakaerak konfinamendua amaitu ondoren sortutako ‘errebote efektua’ eta aurreko hiruhilekoan enpleguak jasandako kolpe gogorra islatzen ditu, geldialdi ekonomikoak 43.200 lanpostu suntsitzea eragin baitzuen», azaldu du LABek.

LABek nabarmendu duenez, egungo krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak gazteak dira. Datuek horrela erakusten dute: azken urtean, gazte enpleguaren %20 suntsitu da eta langabezia %39tik gorakoa da gazteen artean.

Bestalde, kontuan izan behar da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan dauden langileak okupatutzat jotzen dituela inkestak. Irail bukaeran, 30.480 lagun ziren.

Azken hiruhilekoa hobea izan den arren, krisiaren aurreko enplegu maila urrun dela oraindik ere azaldu du LABek. Iritzi bera agertu du CCOO sindikatuak: «Datuek okupazioaren susperraldi eskasa eta langabeziaren gorakada islatzen dute, ziurgabetasun handiko egoera bat».

Osasun krisiak ekarritako krisi ekonomikoak agerian utzi ditu CCOO sindikatuaren ustez «murrizketek ekarritako arazoak» eta «zerbitzu publikoak jokatzen ari diren funtsezko papera». Horregatik, beharrezkotzat jo ditu erreforma fiskalak zerbitzu horiek indartzeko behar beste diru izateko. «Zerbitzu publikoak dira krisitik ahalik eta bermerik onenekin irteteko bitartekoa», nabarmendu du.