Asier AIESTARAN
Txirrindularitza

Ackermann garaile, epaileek Bennett zigortu ostean

Irlandarraren esprinta arauz kanpokoa izan zela ebatzi zuten.

Pascal Ackermann alemanak irabazi zuen atzo Vueltako bederatzigarren etapa –157 kilometro Castrillo del Val eta Aguilar de Campoo artean–, nahiz eta esprintean azkarrena Sam Bennett irlandarra izan zen.

Etapa amaitu eta minutu batzuetara, epaileek Deceuninck taldeko txirrindulariaren esprinta arauz kanpokoa izan zela erabaki zuten, eta garaipena bigarren sartu zen Borako ziklistari eman zioten.

«Bideoa ikusi dut eta uste dut Samen jokaera ez dela zuzena izan. Sentitzen dut beregatik, baina denok modu garbiagoan jokatu behar dugula uste dut», adierazi zuen Ackermannek.

Amaierako aldaketa hori ez bezala, etapa lasaia izan zen oso, tropelak atseden apur bat hartzeko erabili zuena, eta espero bezala garaipena esprintean erabaki zen.

Eguneko ihesaldia bi txirrindularik osatu zuten: Burgos taldeko Juan Osorio kolonbiarra eta Caja Rural-RGA taldeko Aritz Bagues gipuzkoarra. Kilometro asko egin zituzten lasterketa buruan, baina une oro argi egon zen etapa garaipena lortzeko aukerarik ez zutela izango.

Beste munduko esfortzurik egin gabe, tropelak 22 kilometroren faltan harrapatu zituen ihes egindako bi gizonak, eta Aguilar de Campoo inguruko azken zirkuituan ez zen inolako erasorik egon esprinta eragozteko. Tentsio une bakarra Primoz Roglic esloveniarrak azken kilometroetan izandako zulatua izan zen, baina tropela oso lasai zihoanez Jumbokoak ez zuen inolako arazorik izan taldekideen laguntzarekin berriz ere aurrera heltzeko.

Azken lau kilometroetan sartzerakoan bizitu zen apur bat erritmoa, eta Bora izan zen batez ere esprinta prestatzeko lana egin zuena. Baina azken zuzengunean sartuta, inork ezin izan zion itzal egin Sam Bennett irlandarrari.

Deceuninck taldekoaren bigarren garaipena zen aurtengo Vueltan, Ejea de los Caballerosen lortutakoaren ostean, eta lasterketako esprinter onena dela erakutsi zuen berriz ere. Garaipena ospatzeko denbora ere izan zuen.

Baina azkenean bigarren sartu den Pascal Ackermann alemanari eman zioten garaipena, eta bigarren postua Lotto Soudal taldeko Gerben Thijssen gaztearentzat izan zen, hirugarren sartu baitzen. Jon Aberasturi, Caja Rural taldeko euskalduna, zortzigarren sartu zen helmugan eta zazpigarren postua berarentzat izan zen. Sailkapen nagusian ez zen egon aldaketarik eta Richard Carapaz ekuadortarrak jarraituko du lider, Primoz Roglicekiko 13 segundoko abantailarekin eta Dan Matinekiko 28koarekin.

Gaur hamargarren etapa izango dute; 185 kilometro Castro Urdiales eta Suances artean. Atzo baino gorabehera gehixeago ditu ibilbideak.