GARA
BILBO

Espetxeratu egin dituzte astelehenean Bizkaian atxilotutakoak

Auzitegi Nazional espainoleko Jose de la Mata epaileak Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga, Ertzaintzak iragan astelehenean Usansolon eta Ibarrangelun atxilotutako Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideak, behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen atzo. Iturri judizialak aipatuz Efe agentziak zabaldutako informazioaren arabera, kalteak sortzeagatik, «terrorismoa goratzeagatik» eta «erakunde armatu batekin kolaboratzeagatik» (ez da zehazten zein erakunderi buruz ari den) agindu du epaileak espetxealdia.

Aipatu agentziak zehaztu duenez, egozten zaizkien ekintzak azaroaren 10ean eta 12an Muxikako eta Foruko bi tren geltokitan egindako sabotaje ekintzak eta pintaketak dira. Azaroaren 2tik gose greban den Iñaki Bilbao Goikoetxea presoari adierazitako sostenguagatik, «terrorismoa goratzea» egotzi diete. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Morisolli Basauriko kartzelan eta Astorkizaga Zaballakoan daudela besterik ez du esan.

«Espetxeak hustu»

Sortuk espetxeratzeon kontrako oharra atera zuen atzo. «Bistan da oraindik orain herri hau iraganera itzultzea nahi duten sektoreak existitzen direla, zehazki sakoneko estatuaren kasuan kosta ahala kosta borroka armatuaren mamua luzatzeko eta bizirik mantentzeko interesa oso nabarmena izanik, argiki Euskal Herriaren askapen bidea oztopatzearekin batera preso politikoen auzia betikotzeko asmoz».

«Espetxeak husteko unea» dela azpimarratu eta preso politiko guztiak etxeratzea ahalbidetuko duen estrategia eraginkorren alde lanean segituko duela esan zuen Sortuk.