GARA
BILBO

Lakuari ardura eskatu dio EH Bilduk diru publikoa jaso duen Aernnovan

Berantevillako lantegian ehun langileren kaleratzea iragarri duen Aernnovak laguntza publikoetan 7 milioi euro jaso dituela jakinarazi zuen atzo EH Bilduk eta Lakuari arduraz jokatzea eskatu dio.

Dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresei eskatu behar zaie «kontsekuenteak izan daitezela enpleguaren defentsan, une zailak iristen direnean», adierazi zuen atzo EH Bilduk Aernnova enpresak iragarri dituen kaleratzeak baloratzeko orduan. Iker Casanova parlamentari independentistak gogora ekarri zuen hegazkingintzarako osagaiak egiten dituen enpresak 7 milioi euro jaso dituela laguntza publikoetan.

Hori dela eta, Lakuari «kaleratzeak ekiditeko Aernnovako gatazkan jarduteko» eskatu zion. «Bere erantzukizuna bete dezala eskatzen diogu aeronautika sektoreari laguntza irmoa emanez, egoera honetan enpresei likidezia emanez eta sektorearentzako erreskate funtsa sortuz, egoera honi epe laburrean aurre egin ahal izateko; guztia enplegua defendatu eta mantentzeko baldintzarekin», nabarmendu zuen Casanovak.

Hegazkingintzarako osagaiak egiten dituen enpresak iragarritako proposamenak Berantevillako lantegiko langileen %22 kaleratzea dakar. Gainera, 454 langilek osatzen duten lantaldeko beste 305 lagunen kasuan, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztuko du enpresak. Konpainiaren planen arabera, otsailaren hasieratik urte bukaera arte indarrean izango litzateke. «Galera historikoak» argudiatu ditu enpresak neurrion defentsan. Esandakoaren arabera, 42 milioi euro galdu ditu urte hasieratik.

Aeronautika sektorearen egungo arazoak pandemiaren ondorioz sortutakoak direla esan zuen EH Bilduko parlamentariak. «Aldi baterakoak eta krisi honetara mugatutakoak dira», zehaztu zuen. Beraz, enpresei «enplegu alorrean neurri traumatiko eta atzeraezinekin ez erantzuteko» eskatu zien.

Enpleguaren defentsan

Erantzukizunak, «Aernnova bezalako konpainietan, hau da, administrazioengandik babes ekonomiko handia jaso duten enpresetan, are handiagoa izan behar du», azpimarratu zuen parlamentari independentistak. Laguntza publiko egitasmoek «enpresek enplegua defendatu eta mantentzearen erantzukizuna beren gain hartzearen baldintzapean egon behar dute».

Bezperan, langile batzordeak ere krisia ez dela egiturazkoa «baizik eta koiunturala» nabarmendu zuen. Langileek Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari eta Arantxa Tapia sailburuari «beste aldera ez begiratzeko» deia egin zieten, eta multinazional handien kaleratzeak «zuritzeari utzi eta sektore estrategiko bati eusteko» exijitu zieten.

Langileek nabarmendu zutenez, enpresak eta erakundeek badakite krisia «erabat koiunturala» dela, baita «epe ertainera merkatua erabat suspertuko» dela ere.

Aipatu agerraldian langileen ordezkaritzak argi utzi zuen egoera aztertzeko prest dela eta ez duela onartuko kaleratzeak jasotzen dituen neurririk.