Asier ROBLES
bilbo

«Azal berritzen» diskoa kaleratu dute Esti eta Mikel Markezek

Estik eta Mikel Markezek «Azal berritzen» diskoa kaleratu dute. Bertan hamar kantu batu dira, Esti Markezek sortutako bost eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Hala ere, batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta jotzaile gisa, eta hainbat kolaborazio ditu. Konfinamenduan sortutako abestiak dira, eta ametsen, existentzialismoaren, maitasunaren, «postureoaren eta desenkatuaren» inguruko gaiak jorratzen dituzte.

Bilboko Alde Zaharreko Bira Kultur Gunean aurkeztu zuten atzo Esti eta Mikel aita-alabek disko berria. “Azal berritzen” izenburua du eta bertan hamar kantu batu dituzte, Esti Markezek sortutako bost eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Hala ere, bi artistek batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta musikari gisa. «Bi erdiren osoa eta bi osoen erdia da diskoa», azpimarratu zuen Estik.

Mikelek azaldu zuenez, diskoaren izena gaur egungo egoerari lotuta dago: «Dena dago aldaketan eta inoiz baino garrantzitsuagoa da azalberritzea eta egoera larrietara moldatzen jakitea aurrera egiteko». Izan ere, diskoa egiteko ideia konfinamenduan sortu zitzaien. Biak ari ziren bakoitza bere aldetik sorkuntza lanetan eta elkarri egindako lanaren berri eman ondoren, «erronka gisa» jarri zuten elkarrekin disko bat egitea.

Poeta eta bertsolari garaikideak dira abestien letra gehienen egileak, eta Mikel eta Esti dira bosna doinuren sortzaileak. Toti Martinez de Lezea, Joseba Sarrionandia, Pako Aristi, Alaia Martin eta Jon Maiaren testuak erabili dituzte.

Letren gaiak

Letrek hainbat gai jorratzen dituzte. “Bila nazazu” lehen kantak ametsak ditu ardatz, eta Toti Martinez de Lezearen testu «baikor» batetik hartua da. «Gaur inoiz baino gehiago ametsei eutsi behar diegula dio», azaldu zuen Mikelek.

Bigarren abestian, “Printzesak eta printzeak” izenekoan, egungo bizimoduari buruzko gogoeta egiten du Estik, Alaia Martinen testu batzuei doinua jarriz. «Gizarteari eta bereziki gazteei zuzenduta dago. Badirudi momentu honetan bizitza benetan bizitzeko baino gehiago ‘postureoan’ gaudela, eta horri buruzko hausnarketa egiten du kantak», azaldu zuen Estik.

Seigarren abestia, “Zigor zeldetan”, Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” liburutik hartua da. «Konfinamenduan jendeak kartzelan bezala geundela sentitzen zuela esaten zuen, eta nik benetako kartzela nolakoa izango zen pentsatu nuen», azaldu zuen Estik.

Azkena, “Milioika bider”, Toti Martinez de Lezearen testu batetik hartua dago, eta «mendeetan gure herrian zutabe izan den emakumearen soslaia» azaltzen du.

Horiez gain, existentzialismoa, maitasuna, desengainua eta pertsona bat joatean uzten duen hutsuneari buruzkoak jorratzen dituzte kantek.

Hainbat kolaborazio

Musika alderdiari dagokionez, Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikariek landu dute. Biolina, biola, mandolina, akordeoia, trikitia, pianoa, tinplea eta gitarrak aurki daitezke. Horiez gain, kolaborazio gehiago ere izan ditu diskoak, hala nola Ane Bastida baxuarekin eta Iker Lauroba bateriarekin.

Ahotsetan, berriz, Olaia Intziarte eta Eneritz Aulestia ere aritu dira.

Grabaketak Mikel Markezek Orion eta Axular Arizmendik Mutrikuko AME estudioan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Victor Sanchezek Donostiako Elkar estudioan burutu du.

«Artea ere badago diskoan»

Diseinuari garrantzi handia eman diotela esan zuen Estik aurkezpenean: «Artea ere badago diskoan, ez musika bakarrik». Concetta Probanzak diseinatua da; abesti guztiak entzun eta letra guztiak irakurri ostean, diskoarekin datorren libretoaren kantu bakoitzean burura zetorkiona margotu zuen. Gainera, abeslari bakoitzak kolore batzuk aukeratu zituen, eta marrazkietan Probanzak kolore horiekin bereizten du norena den kanta bakoitza. Estirenak urdinez eta laranjaz daude, eta Mikelenak, morez eta berdez.

2021eko urtarriletik aurrera diskoaren aurkezpen bira hasiko dute, Arkaitz Miner eta Julen Alonsorekin laukotea osatuz.