Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Gaztaina erreak

Txikitan ikasi genuen neguaren hasiera ez zutela egun-argiaren ordu kopuruak, zuhaitz biluziek zein hotzak bakarrik zehazten. Bazen beste elementu bat, aipatutakoak bezain garrantzitsua: gaztaina erreen usaina. Azken horren zain egoten zen amama, negua ofizialki gainean genuela aldarrikatzeko. Antonio izena zuen herriko plazan labe txiki batean gaztainak erre eta paperezko kukurutxoetan saltzen zituen gizona. Kiosko bat zuen Antoniok eta denetariko litxarreriak saltzen zituen urte osoan zehar. Hala ere, gaztaina erreengatik zen ezaguna. Hortik bere goitizena: Antonio gaztaina-saltzailea. Ez nuen Antonio ezagutu. Ama haurra zela gizon nagusia zen jadanik. Amari zirrara berezia eragiten zion Antonio herriko plazan bere labe txikiari eragiten ikustea, gaztaina erre usaina lau haizeetara zabalduz. Gabonetan ahizpa-nebok oparien gainean kexuka hasten ginenean, amak erantzuten zigun gaztaina erre batzuk jasotzea munduko altxorrik preziatuena iruditzen zitzaiola berari geure adinean, eta mandarina batekin baldin bazetozen, are gehiago. Ez nuen Antonio ezagutu, baina bai Algortako Telletxe plazan gaztainak erretzen zituen gizona. Gehienetan bakarrik egoten zen labetxoari eragiten eta gaztaina erre berriak kukurutxoetan sartzen. Unibertsitatean ikasle nenbilen garai hartan eta gizon nagusia zen bera. Gaztaina erreen usaina antzematen dudanean berarekin gogoratzen naiz, eta amamarekin, eta amaren haurtzaroarekin, eta ezagutu ez nuen Antoniorekin. Eta zalantzarik ez dut negua heldu egin dela.