Agustin Agote Garmendia
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea
KOLABORAZIOA

Gergerat

Nola eta noiz bukatuko den ez dakigu... Baina ondotxo dakigu nola hasi zen eta zein bide hartu duen. Espainiatik hasi behar dugu, ez baitu bete bere kolonia zen herriaren deskolonizazio-prozesuan bete behar zuen legedia; hau da, bere kolonia zen lurraldea ez du bertakoen esku utzi. Hori gutxi ez eta legez kanpoko akordio batera iritsi zen bai Maroko bai Mauritaniarekin, bien artean Mendebaldeko Sahara lurraldea banatu zezaten.

Marokorekin segi genezake, bere eremutik kanpoko lurraldea militarki okupatu, bertako saharar biztanleria ezabatu eta eremuaren jaun eta jabe izateko erabili dituen metodoengatik: okupazioa, hilketak, sarraskiak, desagerpenak, bortxaketak, bonbardaketa kimikoak napalm eta fosforo zuriarekin, atxilotze ilegalak, torturak, eta abar. Hori guztia, helburu bakar batekin: lurraldeko lehengaien ustiapenaren bidez (bai fosfato, hondar, arrantza eta izan daitezkeen gas eta petrolioarenak) Marokoko erregearen aberastasuna eta herrialde honen mundu mailako indarra handitzea.

NBE ere tartean da, ez baitu betearazi 1991n gudan zeuden Mendebaldeko Sahara eta Marokoren artean lortutako bake-akordioa. Hainbeste urte pasa eta gero, ez dira gai izan okupatzaileari hartutako konpromisoa betearazteko; hau da, erreferendum libre baten bidez bertakoek erabaki dezatela herri libre gisan «Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa» izan nahi duten, edo Marokoren lurralde okupatu bat izaten jarraitu nahi duten. Prozesu honetarako egin duten gauza bakarra Minurso antolatzea izan da: mundu mailan, giza eskubideen behaketaren eskumenik ez duen misio bakarra. Honen ondorioz, Marokok erabateko aukera du giza eskubideak urratzeko.

EBren erantzukizuna ere garrantzitsua da; izan ere, ilegalki okupatutako eremuetako lehengaiak salerosteko okupatzailearekin egindako akordio komertzialen bidez, legitimotasuna ematen dio okupazioari. Bestetik, azpimarratu behar da akordio hauetan parte aktibo izan direla PSOE eta PP alderdiak.

Egun hauetan Gergerateko aferara iritsi gara, baina nahiz eta orain egin duen eztanda, oso aspaldiko kontua da. Gergeratek oso kokapen berezia du: alde batean Mauritania dago, eta beste aldekoa, nahiz eta Mendebaldeko Sahara izan 1991ko akordioaren ondoren, ez bateko eta ez besteko eremua da. Urte askoan zehar, ordea, Marokok, berriz ere akordioa bertan behera utziz, errepide bat egin du, eta lehen aipatutako lehengaiei eta beste zenbait gairi (droga eta bestelakoak) irtenbidea emateko erabili dute. Tartean salaketa asko izan dira sahararren aldetik baina, beste askotan bezala, inork ez die jaramonik egin orain arte.

Erantzukizunak hartzeaz ari garenez, Fronte Polisarioa, saharar oro eta Mendebaldeko Sahararen aldeko kolektiboak ere hausnarketa bat egin beharrean gaude. Fronte Polisarioak eta saharar herritarrek beraiena egin beharko dute baina, guri dagokigunez, mezu askoz ere irmo eta garbiagoa eman beharko genuke. Kolektibo honen partaide asko oso eroso sentitzen dira laguntza humanitarioaren arloan, baina garbi eduki behar dugu injustizia honen konponketa politikoa dela, legedia betetzetik etorriko dela, injustizia hau ezabatzetik etorriko dela, ez beste inondik.

Saharar herriak bere partea bete du, eta oso garesti ordaindu; bai errefuxiatu-kanpalekuetan direnek, basamortu erdian bizi-baldintza txarretan baitiraute, eta baita eremu okupatuan bizi direnek ere, okupaziopean baitaude, inongo giza eskubiderik gabe. Bestalde, okupatzaileak, eremuko lehengaien ustiapenaren bidez, etekin ekonomiko handiak lortu ditu, eta atzerrian bere indarrak handitzeko balio izan dio.

Zer dute sahararrek galtzeko? Zein aukera eman dizkiegu jasaten duten guztia konpontzeko? Zein duintasun dute aipatutako NBE, EB, Espainia eta Marokok?

Saharar herria, zu bai duina! Mendebaldeko Sahara hurra!