GARA
DONOSTIA

«Urrats urratuak», Xabier Leteren gaineko hamar gogoeta

Xabier Lete hil zela hamar urte betetzen diren honetan, haren emaria ohoratzeko «Urrats urratuak» argitalpena argitaratu du Balea Zuria argitaletxeak. Hamar euskal idazleren saiakera laburrak biltzen ditu Leteri omenaldia egin nahi dion liburu honek.

«10 urte dira Xabier Lete hil zela. Bere olerki eta kantuek, bere lanek eta bere gogoetek fruituak ematen jarraitzen dute. Bere argia ez da itzali, kontrakoa baizik. Izarren hautsa bezala, etengabe biziberritzen ari da, garrantzia eta sakontasuna handituz. Gure klasikoetako bat da eta gutxitan lortzen den zerbait lortu du: jendearen miresmena eta maitasuna». Goiburu horrekin aurkeztu zuten “Urrats urratuak: Xabier Lete gogoan” argitalpena. Liburua Balea Zuria argitaletxeak argitaratu du, Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz.

Argitalpenean hamar euskal idazlek hartzen dute parte eta, bakoitzak bere esparrutik, Leteren gaineko gogoeta plazaratzen dute: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Alex Gurrutxaga, Ainhoa Urien Telletxe, Jon Martin, Arantxa Urretabizkaia eta Inazio Mujika Iraola.

2010eko abenduaren 5ean zendu zen Xabier Lete, XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia garrantzitsuenetako bat, belaunaldi oso bati euskarazko poesia gerturatu ziona. Izaera polifazetikoa zuen, poeta, kantari edo idazle gisa azaldu zuena. Hala ere, Letek ez zuen inoiz ezkutatu poesiaren bidez lortzen zuela sentimenduak, kezkak eta sentsibilitate estetikoa adieraztea. «Horregatik, aurten bere heriotzaren hamargarren urteurrena ospatuko denez, bidezkoa da bere alderdi poetikotik hastea aintzatespena», nabarmendu zuten.

Aurkezpenean, Harkaitz Millan, Gipuzkoako Kultura diputatua, Leteren poesiak utzi duen lorratzaz jardun zen: «Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. Seguruenik, haren ibilbideak, haren bizi-bidaiak bat egin zuelako belaunaldi oso batenarekin. Diktaduraren azken urteetan euskara berreskuratzeko eta askatasunak aldarrikatzeko kezkatik, lurralde intimo eta pertsonalagoetara eboluzionatu zuen, arreta bizitzan bertan, bizitzaren bilakaeran eta heriotzan jartzeko».

Lete euskal kulturaren eta poesiaren dibulgatzaile garrantzitsua izan zela ere nabarmendu du, eta bere kantautore lanak euskal poeta garrantzitsuen lanari zabalkunde handiagoa ematen lagundu zuela ere ekarri zuen gogora.

«Nabarmentzekoak dira ‘Bertso zaharrak’ diskoa edo Lizardi eta Txirritaren poemak, besteak beste, musikatu zituzten lanak», esan zuen Millanek, eta Letek poeta baten heriotzaren «soinu omenaldia», “Xalbadorren heriotzean”, euskal kantutegiko abesti ezagunenetako bat izatea «eta Urepeleko bertsolari entzutetsuaren olerki bat inoiz irakurri ez dutenek ere abestea» lortu zuela ere goraipatu zuten Gipuzkoako Aldunditik.