Jon ORMAZABAL
PILOTA

Uztaldi bereko bi finalerdien erradiografia

Sakea ardatz hartuta, Apezetxea Aspeko intendenteak gaurko eta biharko partiden giltzak azaldu dizkigu.

Momentuz, bi gauza baino ez ditugu argi datorren igandeko Buruz Buruko finalerako protagonisten inguruan, bi pilotariak Aspekoak izango direla eta 1994an jokatutako aurrelari batek bi urte gazteagoa den beste aurrelari baten aurka jokatu behar izango duela. Izan ere, patuak eta txapelketa ero eta azkar honek uztaldi bereko bi pilotari batu baititu koadroko adarretako azken-aurreko eskailerako koskan.

Gauzak horrela, duela ez hainbeste Elgetan, Baque txapelketan, GRAVNIan edo Zaramagan jokatutako partidek jarraipena izango dute Bilboko Bizkaia eta Eibarko Astelena bezalako pilotaleku inoiz baino handiagoetan. Ume zirela jokatutako neurketa horiek orain saririk handienetako bat dute jokoan, Jokin Altunak baino ezagutzen ez duen Buruz Buruko finalerako txartela.

Lau pilotariak enpresa berekoak izatea ere berrikuntza bat denez, Jokin Etxanizen ondoren Jon Apezetxearengana jo dugu, goizuetarrak bi finalerdien nolabaiteko erradiografia bat egin diezagun.

«Egia da Jokin Altuna eta Darioren kanporaketan Jokin dela faboritoa. Hori garbi dago, bere ibilbideagatik eta daukan mailagatik, baina Dariok ere txapelduna bota zuen eta kontuan hartzeko pilotaria da. Bilbon Danel eta Jakaren artekoa askoz orekatuagoa ikusten dut; izan ere, biek ondo ezagutzen dute elkar, ez dira jotzaileak eta nola batak bestea ez duen hautsiko, nahiko berdintsua izango da», azaldu zuen.

Aurtengo txapelketak berritasun ugari ekarri dizkigu; publikorik gabe jokatzea, pilotariak etxetik aldatuta etorri beharra, partiden artean apenas atsedenik egotea... baina partiden giltzen inguruan galdetuta, betiko arrazoietara jo du Apezetxeak. «Hemen sakean asmatu eta ondo errestatzen duenak aukera ikaragarriak izango ditu irabazteko. Denok ari gara Darioren sakeaz hitz egiten eta izugarria dauka, baina Jokinek ere bai. Eta larunbatean, berriz, sakea eta bigarren pilotakada izango dira giltza; izan ere, ez dira kolpeko pilotariak, baina luze jartzen badakite pilota, eta gero bukatzen ere bai, apartak dira. Ongi sakatzen duenak eta bigarren pilotakada ondo gozatzen duenak aukera handiak izango ditu».

Bi modutara

Sakean ere izan da berrikuntzarik, pasaren marra koadro erdi aurreratu baita. Horren aurrean, bi estiloek baliagarriak izaten jarraitzen dute, Darioren indarrak eta Elezkanoren zehaztasunak. «Danelena harrigarria da, indar erdia emanez eta kolokazio ikaragarriarekin, 19-1 jarri zen Asier Agirreren aurka, asko sakeagatik eta bigarren pilotakada asko gozatu zuelako».

Eta Altunaren botileroa balitz, nola errestatu beharko lituzke Darioren sake biziak, airez ala botez? «Ez dakit, orain artista batzuk dira airez errestatzen, sekulako meritua dute. Joseba eta Jokinek erakutsi zuten botera oso ondo egiten dutela airea kenduz; beraz, nik uste bi moduetara egingo duela Jokinek», azaldu zigun Apezetxeak bi finalistak bere enpresakoak izateak emandako lasaitasunetik.

Erremontea bueltan da Galarretan

Aste batzuetako geldialdiaren ostean, erremontea bueltan da Galarretan eta, gainera, aurten 50. urteurrena betetzen duen Binakako Txapelketako bi partidarekin itzuliko da. Osasun pandemia dela eta, ateak itxita jokatuko dira bi partidak eta biak ETBk zuzenean eskainiko ditu 15.30ean.

Lehen partidan, Urriza-Labaka Juanenea-Larrañagaren aurka ariko dira. Iaz elkarrekin txapeldun izandako Urriza eta Larrañaga aurten banatu egin dituzte. Etenaldiaren aurretik bi aurrelariek joko bolada izugarria zuten eta ikusi egin behar bi hilabeteren ostean nola itzultzen diren kantxetara, baina Urriza tartean denean ia beti faborito izan ohi da iruindarra.

Bigarren partidan Segurola-Barrenetxea IV.a Goikoetxea VI.aren ordez ariko den Etxarriren eta Endikaren aurka ariko dira. Kasu honetan, bi atzelariak izango dira bikotearen zama eramateko ardura izango duten pilotariak. J.O.