GARA
BILBO

Zerga sistema errotik aldatzeko plana sartu du Eskubideen Kartak aldundietan

Aberastasunaren jabetza zergapetzea, sozietateen gaineko zerga handitzea, PFEZ progresiboagoa, oinarrizko produktuei BEZa murriztea eta zerga arloan erabakitzeko gaitasun osoa dira Eskubide Sozialen Kartak zerga sisteman eskatzen duen errotiko aldaketaren zutabeak.

Bizitza lehenesteko, errotiko aldaketak eskatzen ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, eta helburu horrekin bere baitan batzen diren erakunde eta elkarteek egiten dituzten aldarrikapen fiskalak jasotzen dituen dokumentua erregistratu zuen, atzo, Hego Euskal Herriko lau foru aldundietan.

‘‘Ondasuna banatu, lehenik bizitza’’ lemapean elkarretaratzea egin zuten, gainera, Eskubideen Kartako ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, Maddalen Aranburu eta Edurne Larrañaga eledunek foru instituzioei helarazitako dokumentuaren edukiaren berri eman zuten.

Egungo egoeran zor publikoak gora egin du, baina «ez hainbeste aurrekontu-hornidurak handitzen direlako, baizik diru bilketaren beherakadagatik», azaldu zuten, zerga sistemaren diru bilketarako gaitasuna eta progresibitatea indartu behar direla nabarmendu aurretik.

Azaldu zutenez, hori beharrezkoa da, behin betiko, diru sarrera publikoen bolumena handitzeko, zerga ekitatea eta zerga progresibitatea handitzeko eta banaketa gaitasuna hobetzeko.

Aldundietan helburu horiekin erregistratutako proposamenak, honako ardatzak ditu: aberastasunaren jabetza zergapetzea, sozietateen gaineko zerga handitzea, PFEZ progresiboagoa, oinarrizko produktuei BEZa murriztea eta luxuzkoetan handitzea eta zerga arloan erabakitzeko gaitasun osoa.

Aldaketa sakonak

Diru sarrera publikoak berreskuratzea, aberastasun handiei presio eginez; hori da aberastasunaren gaineko fiskalitatean proposatzen duen aldaketa sakona: «Berehala errekargu espezifikoa ezartzea, progresiboa izango dena eta %1 eta %10 artekoa». Eta zerga aldatzea planteatzen du, ondarearen gaineko zergaren tarifa bikoiztuz, hobariak kenduz eta salbuetsitako gutxienekoa 350.000 euroan kokatuz. Era berean, zerga honen eta PFEZ zerga osoaren muga ezabatzea eskatzen du Eskubide Sozialen Kartak.

Sozietateen gainekoari dagokionez, hau eskatzen du: kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatzea, tasa %35era igotzea eta errekargu berezia ezartzea zerga honen aitorpenean, 2019ko irabazien %20koa.

PFEZren atalean, kapitalaren tarifa espezifikoa kentzea proposatzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, errenta-iturri guztiek tratamendu bera jaso dezaten eta karga progresiboko eskala berari lotuta egon daitezen.

Zergaren progresibitatea handitzea ere eskatzen du, gehieneko tasa marjinala %60ra igoz eta tarifa-tarteen kopurua handituz.