Andoni ARABAOLAZA
KULTURA

CVCE-Errimaia ipuin lehiaketak arrakasta handia izan du

Aitziber Mendigurenek, euskarazko sailean, eta Antxon Iturrizak, gaztelaniazkoan, irabazi dute Donostiako mendi elkarte horrek antolatutako lehiaketaren lehendabiziko ekitaldia.

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak mendiarekin loturiko kultura-jarduera interesgarrietara ohitu gaitu. Azkena ere ausarta izan da: CVCE-Errimaia ipuin lehiaketaren lehen ekitaldia. Eta, oro har, arrakastatsua izan dela esan daiteke.

Lehen edizio honetan, mendi elkarteak, denera, 216 lan jaso ditu: 10 euskaraz eta 216 gaztelaniaz. Joan den igandean, ipuin guztiak irakurri eta aztertu ondoren, irabazleak nortzuk diren jakinarazi zuten.

Euskarazko atalari dagokionez, Maria Luisa Aizpuruk, Haritz Monrealek eta Joseba Erkiziak osatutako epaimahaiak Aitziber Mendiguren iruindarraren “Hausnarrean” ipuina saritzea erabaki du.

Gaztelaniazkoan, berriz, Suso Ayestaran, Rosa Eguren, Juancar Sanz eta Rafa Elorzak osatutako epaimahaiak Antxon Iturriza donostiarraren “La Plaga” testuari eman dio sari nagusia. Bide batez, aipatu behar da atal honetan bi finalista izendatu dituztela: Daniel Lopez “Hito” ipuinagatik eta Karen Fogelstrom “Dueños de nada”-rengatik. Bitxia bada ere, bi finalista hauek argentinarrak dira.

Irabazleek Iñigo Aristeguik egindako eskultura eta 800 euro jasoko dituzte. Ipuinak, gainera, elkartearen webgunean eta “Errimaia” aldizkarian argitaratuko dituzte. Sari banaketa abenduaren 18an izango da.

«Ezusteko handia»

Bai, lehiaketaren zuzendari Juancar Danzek onartu duenez, ezustea hartu dute lehen ekitaldiak izan duen arrakastarekin: «Batez ere, gaztelaniazko atalean 206 ipuin jaso ditugulako. Nazioarteko izaera izan du; izan ere, 14 herrialdetako egileek hartu dute parte. Euskaraz, berriz, 10 testu. Gehiago espero genituen. Kopurua ikusita, argi dago jendeak idazteko gogoa baduela. Gaur egungo baliabideek idazteko zaletasuna bultzatzen dute; eta Internetek, adibidez, komunikazioa errazten du. Globalizazioaren alde onak dira!».

Sanz, beraz, mendiko ipuin lehiaketa honetan jasotako lanen kopuruarekin pozarren dago, baita testu horiek izan duten kalitatearekin ere: «Bederen, hori ziurtatu digute epaimahaikideek. Bi hizkuntzetan kontakizun on ugari izan ditugu. Borroka gogorrak izan dira, eta irizpide zorrotzekin epaitu behar izan dituzte ipuinak; bai estiloaren aldetik, baita originaltasunarengatik ere. Ipuinek jasotzen zituzten gaiei buruz, esan behar dut denetarik izan dela. Oinarrietan zehazten genuen bezala, edozein ikuspuntutik begiratuta, mendia izan behar zen protagonista».

Esan bezala, euskarazko epaimahaiak Mendigurenen “Hausnarrean” ipuina saritu du. Lehiaketaren zuzendariak azaldu du iruindarraren testuak, natura jakinbidetzat hartuta, hausnarketa ederra osatu duela naturaren beraren balioei eta gizakiaren eta mendiaren arteko harremanari buruz. Eta gehitu du hori guztia alegia moderno baten moldean kontatu duela.

Iturrizaren “La plagari” buruz lehiaketaren zuzendariak hau esan du: «Ipuin hori, aldiz, kontakizun fantastiko bat da, generoaren klasikotasun osoa jasotzen duena. Maisutasunez idatzia dago, eta erritmo narratibo dotorearekin kontatua».

Azkenik, Sanzi lehen ekitaldiaren inguruko balorazio orokorra eskatu diogu: «Esan dizudan bezala, gaztelaniazko lehiaketan arrakasta biribila izan dugu. Euskarazkoan, berriz, kalitate aldetik oso testu onak jaso ditugu. Baina geure helburua partaidetza, gutxienez, bikoiztea izango da. Posible izango ote da? Guk, bederen, aurten bezala, indar guztia jarriko dugu helburu horretan».