Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Denboraldiko etxeko lehen garaipena ospatu nahi dute armaginek

Bolada txarra larregi luzatu barik, Eibarrek jaitsiera postuetatik urruntzea du helburu, denboraldiko hirugarren garaipena eskuratuz. Lehena litzateke Ipuruan, orain arte bisitari guztiek eraman baitute sariren bat eibartarren zelaitik.

Erronka argia eta aurkari zaila dute armaginek. «Zailenetarikoa», Jose Luis Mendilibarren esanetan, Getafe azken urteotan baino emaitza eskasagoak lortzen ari bada ere. Baina «beti lehiatzen dira. Ez dira inoiz erlaxatzen eta oso partida zailak egiten dizkizute beti».

Aurkariari begiratu barik ere, armaginek badaukate zertaz kezkatu. Euren eraso-jokoari argitasun eta erasokortasun handiagoa eman behar diote eta, defentsa lanetan hobetzeko, «arreta handiagoa» izateko eskatu die bizkaitarrak jokalariei.

Hamaikakoan aldaketa bat egongo da gutxienez, Kevin deialditik kanpo geratu baita arazo fisikoengatik, Quique Gonzalez bezala. Pedro Leonek har lezake haren lekua.

Honi buruzko guztia: EIBAR