Andoni ARABAOLAZA
XEDEA

Pau Capell korrikalariak Teide mendian errekor berria ezarri du

Hilaren 10ean, katalan honek 6 ordu eta 13 minutu behar izan zituen Tenerifeko 0-4-0 izeneko erronka egiteko. Denera, 3.175 metroko desnibela gainditu zuen. Fedme-k homologatu egin du marka hori.

Trail running munduan espezialista handia da Pau Capell. Katalanak lehietan makina bat emaitza bikain erdietsi ditu. Aurtengo denboraldia oso berezia izan bada ere, jokatu dituen probetan lehen lerroan egon da. Adibidez, Transgrancanariako hitzordua irabazi zuen; Pablo Vilarekin denbora berean heldu zen helmugara.

Oso lasterketa gutxi antolatu direnez, korrikalari honek beste izaera bateko erronkak izan ditu esku artean. Horietako bat, Ultra Trail Mont Blanc-eko Breaking 20 izeneko xedea. Ez zuen aukerarik izan ibilbide hori 20 ordutik jaisteko, baina oso denbora ona egin zuen: 21 ordu eta 17 minutu. Bigarren xedean, berriz, arrakasta izan zuen. Menorcako Cami de Cavalls-en errekorra ezarri zuen; aurrekoan baino bi ordu gutxiago eginez.

Eta hirugarrenean ere, emaitza bera, errekorra, lortu du. Hilaren 10ean, Tenerifeko 0-4-0 ibilbide enblematikoan izan da. Itsas maila eta Teideko tontorra lotzeko 6 ordu eta 13 minutu behar izan zituen. Ibilbide horrek 3.715 metroko desnibela du.

Horrekin batera aipatu behar dugu xede horren lehen errekor ofiziala izan dela; izan ere, Fedme-k denbora hori homologatu egin du. Horretarako, epaile batek, Rogelio Maciasek, katalanaren jarduna jarraitu zuen.

Oso sasoiko

Gogoratu behar dugu 0-4-0 erronkaren ibilbideak desnibel handia duela; hain zuzen ere, Espainiako gailur batera heltzeko handiena. Eta hori Teide da.

Aurreko markari dagokionez, esan behar dugu Jose David Lutzardok egin zuela. Iragan uztailean izan zen, baina Capell-ek denbora hori 5 minutu eta 23 segundoan hobetu du.

Tenerifeko korrikalariak uztailean jardun zuenez, gauez hasi zuen erronka hau. Katalanak, berriz, goizeko zazpietan. Socorro izeneko hondartza izan zen irteera puntua. Oso sasoiko zegoenez, lehen aldatsei erritmo oso handian egin zien aurre. Teideko Parke Nazionalera sartu aurretik, markatutako denborak errekorraren barruan zeuden.

Basoak zeharkatu ondoren, goi mendian sartu zen. Eta sekzio horretan ere ez zuen hutsik egin. Aldez aurretik planifikatutakoa bete zen, eta Teideko gailurrera heltzeko 4 ordu eta 6 minutu behar izan zituen. Puntu horretan, Lutzardoren denbora bost minutuan hobetu zuen.

Tontorrean soilik bi minutuko atsedena hartu zuen. Indarrak berreskuratu eta arestian aipaturiko hondartzara 2 ordu eta 5 minutuan iritsi zen.

Honi buruzko guztia: XEDEA