GARA
DONOSTIA

«Sasiola», Durangaldeko diru faltsutzeen gaineko eleberria

Mila Salterainek “Sasiola” eleberri historikoa argitaratu berri du Alberdania argitaletxearekin. Durangarra da Salterain, eta eleberrian inguru horietan XVII. mendean gertatutakoak biltzen ditu: ia berrogeita hamar lagunez osaturiko diru faltsutzaile talde bat eratu eta hamabi urtez nola mantendu zen kontatzen du nobelan.

«Eleberri honetan oinarri edo sostengu dokumental egiaztatua ez duen funtsezko gertaerarik ez dago», nabarmendu zuen Jorge Gimenez Bech, Alberdaniako editoreak. Izan ere, Salterainek dokumentazio lan itzela egin du, nagusiki Bizkaiko Artxibategi Historikoan, eta liburuaren azken aldean, eranskin gisa, xehe-xehe azaltzen du, batetik, nobelako pertsonaien nondik norako historiko kontrastatua; bestetik, banan-banan zerrendatzen ditu nobelako gertaerek garaiko epaitegietan izan zuten ibilbidea (auzia Gaztelako errege-ganberaraino iritsi baitzen).

Salterainek, halaber, azaltzen ditu kontatutako gertakarien ondorioak hainbat alorretan. Eta, horrez gain, pertsonaia nagusien zuhaitz genealogikoa ere eskaintzen dio irakurleari.

«Pentsa zer zen XVII. mendean, Manuela Mena, eleberriaren protagonista nagusia, hemeretzi urteko neskatila bat, epai bat dela medio deserriratua eta isun bat ordaintzera derrigortua izatea… Berehala etorri zitzaidan burura galdera: gaizkile hutsa ala injustizia baten biktima ote zen? Hortik abiatu nintzen, eta, besteak beste, zuhaitz genealogikoa ere osatu nuen, baina, erantzunak topatu ordez, gero eta ugariago agertzen zitzaizkidan galderak…», azaldu zuen Salterainek aurkezpenean.