GARA
BILBO

Bilboestibak amaitutzat eman du sindikatuekiko negoziazioa

Lakuako Gobernuko Lan Sailburuordetzak atzo eguerdian jakinarazi zien Bilboko portuko zamaketa sektoreko sindikatuei Bilboestibak ez duela onartu joan den ostiralean eskatu zuten bitartekaritza-prozedura. Auzibidera jotzea erabaki du enpresak.

Bilboko portuko zamaketarien lan gatazkaren konponbidea zaildu egin zen atzo, Bilboestibak Lakuako Gobernuaren bitartekaritzarik gabe negoziazioa agortutzat eman eta gaia esparru judizialera bideratuko duela jakin zenean.

Portuko OUTPB, UGT, ELA, LAB eta Kaia sindikatuek joan den asteko ostiralean, azaroaren 20an, idazki bat bidali zioten Lan eta Enplegu Sailari, eta, bertan, gatazka desblokeatzeko bitartekaritza-prozedura batera deitzeko eskatu zioten.

Bitartekotza-eskaera horren ondoren, Lakuako Lan Sailburuordetzak atzo jakinarazi zien urriaren 9tik greban dauden sindikatuei Bilboestibak, portuko zamaketa enpresak batzen dituen elkarteak, bitartekaritza-prozedurari uko egin ziola, eta ondorioz ezin duela bitartekaritza lanik egin, «gatazkan inplikatutako alderdietako batek uko egin diolako».

Urkulluren Gobernuak adierazi zuenez, grebak eta gatazka kolektiboak arautzen dituen Lan Harremanei buruzko 17/1977 Lege Dekretuak ezarritako prozeduran oinarrituta, Sailburuordetzak enpresa-batzordeak Bilboestibari egindako eskaeraren berri eman du.

Lakuak bere «kezka» adierazi zuen gatazka hau sortzen ari den egoeragatik eta horrek Bilboko Portuan, Euskadiko eta erkidego mugakideetako ekoizpen sarean, zamaketa-enpresetan eta zuzenean portuaren mende dauden gainerako kolektibo eta enpresetan duen eraginagatik.

Era berean, gogorarazi zuen lan-agintaritzak eskumena duela eta gatazka kolektiboetan esku hartzen duela, alderdietako batek hala eskatzen badu eta besteak onartzen badu. Halaber, Bilboestibari, premiazko bilera deitu ahal izateko, azkar erantzuteko eskatu ziola esan du.

Bilboestibak sozietateak atzo eguerdian erantzun zuen, «negoziazio eta bitartekaritza bide guztiak agortutzat emanez, eta derrigorrezko zuzenbideko arbitrajea proposatuz». Hori Lan eta Enplegu Sailaren jarduera eremutik kanpo dagoela adierazi zuen Lakuak.

Hilabete eta erdi greban

Sindikatuek urriaren 9an hasi zuten greba, 317 zamaketarientzako beste hitzarmen kolektibo bat eskatzeko eta atsedenaldien arloan indarrean dagoena ez dela betetzen salatzeko, besteak beste. Kongresu espainolera ere iritsi da auzia.

Bilboestibako langile batzordeak «inposizioaren aldeko apustua» egin izana leporatu zien enpresei, aurreko astean emandako prentsaurreko batean. Langileek azpimarratu zutenez, «enpresek ez dute inoiz akordioa bilatu hitzarmenaren negoziazioan». Gatazkari amaiera ematea xede, bilera egutegia zehaztea eskatu zuten.