GARA
IRUÑEA

Euskaraldia munduan barrena: 70 euskal etxetan, 18 unibertsitatetan...

Etxepare Institutuak atzo jakinarazi zuenez, Euskaraldia ez da Euskal Herrira mugatzen: 70 euskal etxetan eta 18 unibertsitatetan ere belarriprest eta ahobiziak dabiltza egun hauetan; Helsinkitik Txilera, Chicagotik Varsoviara, Bartzelonatik Liverpoolera...

Euskal etxeak eta unibertsitateak dira Euskaraldia mundu osora zabaltzen den erakusgarri. Atzo, Etxepare Institutuak “Euskara Munduan” programak emandako datuak bildu zituen.

Batetik, munduko 70etik gora euskal etxetan «arigune» onenen argazki-lehiaketa antolatu duela iragarri zuen. Argazki onena institutura bidali eta webgunean izango dira ikusgai, astebetez, abenduaren 5etik 13ra, hain zuzen. Eta epe horretan ekingo zaio euskal etxeetako arigune onenaren bozketari. Abenduaren 14an jakinaraziko dira hiru argazki irabazleak.

Bestetik, Euskaraldiak izango du isla arlo akademikoan, Europa, Amerika eta Asiako 17 unibertsitatetara helduko baita, 1.500dik gora ikasleren artean zabalduta. Hala, euskara eta euskal kulturaren irakurleek dozenatik gora kultur programa eta jarduera egingo dituzte –gehienak online, pandemia dela eta–.

Helsinki, Bologna, Frankfurt...

Zehatzago azalduta, Helsinkiko Unibertsitatean, azaroaren 22tik abenduaren 4ra, ikasleekin esketx motzak egingo dituzte (aurrez aurreko bideoak grabatuta eta YouTube-n zabalduta), finlandiarren eta euskaldunen arteko loturen inguruan, baita euskaldun berrien gainean ere.

Veneziako Foscari Unibertsitatean eta Bolognako Unibertsitatean, aldiz, azaroaren 30ean, Aiora Mujika komunikatzaile eta YouTuberrak “L'esperienza di una youtuber in lingua basca” online hitzaldia emango du.

Alemaniari dagokionez, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, esaterako, abenduaren 7tik 11rako astean, “EkoLinguA” solas-jokoa egingo dute, online, katalaneko irakurlearekin lankidetzan. Leizpig Unibertsitatean, abenduaren 14an, Yogurinha Borova show womanak honako hitzaldia eskainiko du Zoom bidez: “La sociolingüística del cabaret. Perfomers, drags y lenguas minorizadas”. Eta herrialde bereko Konstanz Unibertsitatean, berriz, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, bideo bat grabatuko dute ikasleekin.

Atlantikoa zeharkatuta, Txileko Unibertsitatean, bihar, “Covid-19a, kazetari euskaldun baten begiradapean” online solasaldia eskainiko da. Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoan, berriz, abenduaren 3an, “What is Bertsolaritza” ikus-entzunekoa proiektatu eta Maider del Olmo kazetariaren eta emakumezko bertsolari baten eskutik online saioak egingo dituzte.

Argentinan, bestalde, La Platako Unibertsitatean, abenduaren 1ean solasaldia egingo dute Juan Carlos Etxegoien “Xamar” idazlearekin, alegia, euskal kulturako erreferentziazko bi liburu hauen egilearekin: “Orhipean: Gure herria” eta “Etxera bidean”.

Halaber, Mexikoko UNAMen, azaroaren 27an, Euskaraldiaren arduradun batekin online elkarrizketa egingo dute; eta Euskararen Egunean, ikasleek podcasta grabatuko dute euskara-ikasle izateari eta euskararen biziberritzeari buruz.

AEBetara ere helduko dela erantsi zuen Etxeparek: Chicagora, hain zuzen ere. Batetik, Illinois-eko Urbana-Champaign Unibertsitatean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldia klasean landuko dute. Eta, bestetik, Chicagoko Unibertsitatean, beste irakurletzekin lankidetzan, erronka txikiak egingo dituzte, Instagramen kontu bat propio sortuta.

Horrez gain, zenbait hizlarirekin euskara eta euskal kulturari buruzko online hitzaldi sorta egingo dute. Boiseko Unibertsitatean (Idaho), bitartean, “Taupada” irrati-programakoek eta euskal ikasketen sailekoek bultzatuta Euskaraldian zehar entzuteko euskal abestien playlist bat sortuko dute.

Asian ere izango da Euskaraldia, Japoniako Tokio Unibertsitatean, hain zuzen ere. Bertan, euskara eta euskal kulturako irakurleak ikasleei bideotxo batzuk eskatu dizkie, beren burua eta bizi diren auzoa aurkez ditzaten. Bideo bat prestatuko dute, Tokion ere euskal hiztunak daudela erakusteko.

Polonian, ostera, Euskaraldiaren harrabotsak Poznaneko Unibertsitatean entzungo dira. Bertan, Katarzyna Mirgos poloniar- euskaldun irakaslearekin elkarretaratze bat egingo dute, Teams plataforma erabilita.

Mintzobira eta Dylan Inglis

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Bartzelonan, Bartzelonako Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Mintzobira digitala egingo dute, unibertsitateko eta bertako Euskal Etxeko ikasleekin.

Liverpooleko Unibertsitatean ere izango du zer kontatu Euskaraldiak; izan ere, bertako ikasleek Dylan Inglis ingeles-euskaldunarekin online elkarrizketa izango dute.

Inglisek, euskara batuaz ez ezik, zubereraz, bizkaieraz eta hitanoz ere badaki.