GARA
GASTEIZ

Celsan kaleratutakoak lanera bueltatzea eta etorkizunerako plan bat eskatu dute

Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresako langileek kaleratutako lankideak lanera bueltatzea exijitu zuten atzo Gasteizko epaitegien aurrean egindako kontzentrazioan. Era berean, enpresaren jarduera bermatuko duen etorkizunera begirako plan bat eskatu zuten.

‘‘Empleo y futuro. Kaleratuak lanera’’ zioen pankarta baten atzean kontzentratu ziren atzokoan Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresako langileak Gasteizko epaitegietan. Izan ere, otsailean gauzatutako lehen kaleratzeengatik epaiketa egin zen bertan. Langileek azaldu zutenez, Lan Ordezkaritzan egiten ari zen prozesuaren ondoren, enpresak langileen ordezkariek proposaturiko neurriak baztertu eta «erabaki drastikoa inposatzearen alde egin zuen otsailean: zortzi lankide kaleratzea».

2012an eta 2015ean ere negoziazioa baztertu eta enpresak kaleratzeak «alternatiba bakar gisa» inposatu zituela gogoratu zuten langileen ordezkariek. «Enpresari aurre egiten dioten langileak zigortzen jarraitzen dute. Enpresaren asmoen aurrean amore ematen ez duten sindikatuetako lankideak jazartzen dituzte», nabarmendu zuten.

Kaleratutako lankideak lanera bueltatzea exijitu zuten langileen ordezkariek, baita enpresaren jarduera bermatuko duen etorkizunera begirako plan bat ere, «honekin edo beste jabe batekin». Kaleratzeen aurrean instituzioek ezin dutela «beste alde batera begiratu» aldarrikatu eta «inplikazio aktiboa» eskatu zieten «enpleguaren eta etorkizunaren defentsan».